Politika -

Hauteskunde orokorrak

Bakartxo Ruiz, Nafarroako EH Bilduren Kongresurako zerrendaburua

Sabino Cuadraren lekua hartuko du, horrenbestez, foru parlamentariak. Irati Jimenez kazetaria izango da zerrendako bigarrena.

Parlamentaria izango da zerrendaburua. EFE
Bakartxo Ruiz. EFE
Parlamentaria izango da zerrendaburua. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakartxo Ruiz Nafarroako EH Bilduren parlamentaria izango da koalizio abertzalearen ekainaren 26ko hauteskundeetako Kongresurako zerrendaburua, EH Bildu Nafarroak ostegunean egindako batzar batean erabaki zuenez. Orain arte hautagai izan den Sabino Cuadrak, hortaz, ez du errepikatuko.

2011tik da parlamentaria Ruiz, Iruñean jaio zen, 1977an, Euskal Filologian lizentziatua da, eta San Fermin ikastolako irakaslea.

Irati Jimenez kazetari eta idazlea izango da Kongresurako zerrendan bigarrena. Ruizen urte berean jaio zen, Bermeon, baina Nafarroako hiriburuan bizi da gaur egun. Kazetaritzan lizentziatua da, eta irratian zein telebistan aritutakoa. Literatura munduan ere ospea lortu du bizkaitarrak, eta hainbat sari jaso ditu.

Peio Gurbindo Atarrabiako EH Bilduko zinegotziak beteko du hirugarren postua. 1964an jaiotakoa, Nafarroako herri honetako alkate izan zen 2007 eta 2011 artean. Magisteritzan lizentziatua, Lehen Hezkuntzako irakaslea da.

Zerrendan laugarrena izango da Lur Albizu, Artazuko 23 urteko bizilaguna. Joseba Compains 35 urteko abokatu iruindarra izango da bosgarren tokian.

Ordezko gisa honakoak aurkeztuko dira: Arturo Goldaracena, Oihaneder Indakoetxea eta Joseba Otondo, Tafallako, Barañaingo eta Baztango alkateak, hurrenez hurren.

Senatuko hautagaitza

Senatuko zerrendari dagokionez, Xanti Begiristain izango da lehen hautagaia. 2003-2007 legegintzaldian Iruñeko zinegotzi izan zen 57 urteko larraundar hau. Euskara irakaslea da, eta Auritzen bizi da egun.

Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia Senaturako zerrendan bigarren ageri da. Iruñean jaio zen, 1978an,  Merkataritza Kudeaketan diplomaduna da.

Koldo Abregok beteko du hirugarren postua. 42 urte ditu, eta Larragetan (Berriobeiti) bizi da. Herri horretako zinegotzi eta alkateorde izandakoa da.

Miren Otxoa, Eva Aranguren eta Maite Mangado dira ordezkoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa Espainiako hauteskunde orokorrak gaur EH Bildu Gipuzkoa Albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak