Politika -
Ustezko irregulartasunak
Fiskaltzak epaitegira bideratu du Pasaiako lonjaren auzia
Lonjaren eraikuntzan atzemandako gainkostua delitu ote den erabaki beharko du epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Fiskaltzak Donostiako epaitegi batera bideratu du Pasaiako Portuko lonjaren eraikuntzan atzemandako ustezko irregulartasunen auzia, epaileak erabaki dezan gertatutakoa delitu ote den, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, delitu hauetako baten bat atzematen ote duen erabaki beharko du epaileak: prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, agiri ofizialak faltsutzea, iruzurra, funtzionarioen eroskeria eta negoziazio debekatuak egitea.
Pasaiako lonjako lanek 5 milioi euroko gainkostua izan zuten. Gainera, Estatuko Portuak erakundeak egindako ikuskapenetan, baimenik eta aurrekontu esleipenik gabe egindako hainbat obra atzeman ditu.
Hori horrela, Estatuko Abokatutzak salaketa jarri zuen Fiskaltzaren aurrean, eta Ministerio Publikoak epailearen esku utzi du orain.
Ustezko irregulartasunen berri izan ostean, Ricardo Peña Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak kargugabetu egin zuen Gregorio Irigoyen zuzendaria, eta espedientea ireki zion David Candelario Azpiegitura saileko buruari, hura izan baitzen obretako zuzendaria.
Nolanahi ere, oraindik ez dagoela "delitu zantzurik" adierazi du gaur goizean bertan Peñak.
Bestalde, Macarena Olona Estatuko Abokatutzak EAEn duen buruak utzi egin du Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluan zuen kargua. Izan ere, Peñak irregulartasunei buruzko informazioa jasotzea "mugatu" egin diola salatu du.