Politika -
Senatuan
Zapatero: "Apiriletik aurrera langabeziak behera egingo du"
Espainiako langabezia-tasa 90eko hamarkadatik izandako handiena da jada.
Erredakzioa
Gobernuak langabezia-tasa behera egitea espero eta desiratzen duela esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Langabezia "handiegia" dela adierazi du eta apiriletik aurrera behera egiten hastea espero duela gaineratu.
Senatuko kontrol saioan Zapaterok Pio Garcia Escudero PPko bozeramaileri Senatuan erantzun dio.
Zapateroren hitzetan, Espainia 90 hamarkadatik jasotzen duen langabezia-tasarik handienera heldu da: "Kezkagarria eta erantzunbeharrekoa da".
Langabetuak babestea
Hori dela eta, langabetuak babestea Gobernuaren lehentasuna dela gogoratu du.
Zentzu horretan, langabezia dela-eta Gobernuak duen erantzukizuna ez du ukatu Zapaterok eta "lehentasun bat" dela erantsi du. "Lanpostuak sortzeko gaitasunik ez dugun bitartean", behintzat babes soziala bermatu beharko dugu, gaineratu du Exekutiboko buruzagiak.
"Hazkunde ekonomikoak erritmoa hartu bezain laster eta atzeraldia amaitzen denean lanpostuak sortuko" direla azpimarratu du Espainiako presidenteak.
Lan-erreforma agente sozial guztien adostasunarekin egitea "oso beharrezkoa" eta "komenigarria" dela adierazi du Zapaterok. Horrela, "sindikatuen eta enpresarien erantzukizuna oso handia" dela esan du agintariak.
"Espainian ez dago erakunde-krisirik"
Bestalde, Zapaterok esan du ez dagoela inolako erakunde-krisirik. Atzo, ordea, Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak kontrakoa esan zuen, zenbait agintari politiko eta hedabide egiten ari diren "ospe-galtze kanpaina" onartezina dela, alegia.