Politika -
Batasunaren apustuaren harira
Batasunak azken urratsa "laster" ematea espero du lehendakariak
Patxi Lopezek uste du azken adierazpena "urrats bat izan daitekeela", baina ETA oztopoa dela esatearekin nahikoa ez dela eta, beraz, ETA desagertzea eskatzeko exijitu dio ezker abertzaleari.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren ustez, "epe ez luzeegian" ezker abertzaleak behin betiko urratsa eman dezake eta indarkeria betirako alboratu. Hori bai, zehaztu du bere iritzian aurten ez dela horrelakorik gertatuko.
"ETA bere azkenetan dago eta berandu baino lehen betirako desagertuko da gure bizitzetatik", erantsi du.
Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean, Patxi Lopezek esan du euskal gizarteak espero duela ezker abertzalea "hitzetatik ekintzetara" igaroko dela, "indarkeriarekin hausten dutela eta ETAri desagertzea exijitzen diotela erakusteko".
"Adierazpenak aurrerapausoak izan daitezke, baina guk nahi duguna da behin betiko erakuts dezatela indarkeriarekin hausten dutela; ez da nahikoa ETA oztopo dela esatearekin, ETAri desagertzea exijitu behar diote, atentatuen eta hilketen bitarteaz gure bizitzetan eragiteari uztea", azaldu du.
Balizko elkarrizketa prozesu baten inguruan, lehendabiziko urratsa "abertzale erradikalek" eman behar dutela nabarmendu du eta, ohartarazi duenez, "urrats hori eman arte, demokratok ateak itxita izango ditugu, demokraziarekin joka ez dezaten eta bake-prozesuak herritarrak frustraziora eramateko erabil ez ditzaten".
Gauzak horrela, lehendakariak azpimarratu du Euskadin, ez bakarrik Alderdi Sozialistak edo Jaurlaritzak, "guztiek" errepikatzen dutela ezker abertzaleak "berak bakarrik" hartu behar duela "ETAri ateak betirako ixtea eskatzeko erabakia".