Politika -
Torturak salatu zituen
Onartu dute Aresek ezker abertzaleko abokatuari jarritako kereila
Kereila iragan ostiralean aurkeztu zuen Herrizaingo sailburuak. Kereilaren helburua "Ertzaintzaren lan ona eta profesionaltasuna defendatzea" da, Aresen esanetan.
Erredakzioa
Atxilotuak torturatzea egotzi zion Ertzaintzari abokatu batek eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kereila aurkeztu zuen haren aurka. Bilboko epaitegiak auzitara eramatea onartu du gaur.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak iragan ostiralean aurkeztu zuen kereila, Eusko Legebiltzarrak ekimen hori aurrera eramateko proposamena onartu ostean. Ekimenak aldeko 39 boto izan zituen, eta 36 kontra. PSEk, PPk eta UPyDk babestu zuten proposamena. "Ertzaintzaren ekintza egokia apaltzeko edozein saiakerari" aurre egitea du helburu ekimenak, alderdi politiko horien hitzetan.
Alfonso Zenon abokatuak Ondarroan (Bizkaia) eta Gipuzkoan atxilotutako bederatzi lagun ordezkatzen zituen eta otsailaren 8an horietatik hiru Ertzaintzak torturatu zituela salatu zuen, "Ares jaunak aginduta". Bederatzi lagun horiek ETArekin erlazioa zutelakoan atxilotu zituzten.
Iragan ostiralean Aresek azaldu zuenez, kereilaren xedea "Ertzaintzaren lan ona eta profesionaltasuna defendatzea da". Era berean, Poliziak "legalitatea erabat errespetatuz lan egiten" duela goraipatu zuen, "oso protokolo zorrotzak errespetatuz, batez ere terrorismoaren aurkako borrokan eta atxiloketak direnean".