Politika -

Auzitegiak

Arraizen zigorrak ez ditu euskal alderdiak ezustean harrapatu

Ortuzar: "azkenean, Arraizek eta haren defentsak nahi zutena" atera da, sumario "konplexu" eta "nahasi" baten ondoren. EH Bilduk "denboraz eta lekuz kanpo" dagoen ebazpena dela esan du.

Hasier Arraiz
Hasier Arraiz
Alderdiek espero zutena izan da Arraizen epaia

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Ubiria Sorturen bozeramaileak “poz erlatiboa” agertu du, Hasier Arraiz alderdi horretako presidenteari eta Ekineko kide izategatik epaitutako zortzi laguni ezarritako zigorren harira, kartzelara joatea saihestu dutelako Fiskaltzarekin akordioa lortuta.

Akordioaren formula “baliogarria eta bideragarria da gatazkaren ondorioei konponbidea emateko, bai biktimen arloan, baita presoak kaleratzerakoan ere”, esan du.

“Akordio horiei esker 50 euskal herritar espetxean sartzea saihestu da eta hori pozgarria da Sorturentzat”, nabarmendu du.

Hala ere, iragana ahaztu behar ez dela erantsi du, atxiloketei, espetxeratzeei, tortura kasuei eta “herritarrek aukeratutako legebiltzarkideen inhabilitazioei”  aipu eginez. Gertakari horiek guztiak “oso larritzat” jo ditu Ubiriak.

EAJ

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Hasier Arraiz Sortuko presidenteari ezarritako zigorra, "behin puntu honetara iritsita, logikoena" izan da.  Sumario osoa "nahasia" izan dela nabarmendu du.

Legebiltzarrean egindako adierazpenetan, Ortuzarrek esan duenez, "azkenean, Arraizek eta haren defentsak nahi zutena" atera da, sumario "konplexu" eta "nahasi" baten ondoren.

EH Bildu

Pello Urizar EH Bilduko bozeramaileak, berriz, gogor kritikatu du Arraizen kontrako prozesu osoa. "Denboraz eta lekuz kanpo" dagoen ebazpena dela esan du. Horren hitzetan, politika egiteagatik pertsona bat zigortzeak ez dauka ez hanka eta ez buru.

Ezker abertzaleko koalizioaren izenean, babes osoa adierazi dio Urizarrek Sortuko buruzagiari.

Podemos

Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, Arraizen kontrako prozesuak agerian utzi ditu "justizia sitemaren ahuleziak". Albak esan duenez, justiziak ez ditu pertsona guztiak berdin epaitzen.

PSE

Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak nabarmendu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak ezarritako zigorra "ez da sorpresa izan".

"Arraizek akordioa egin zuen Fiskaltzarekin, eta epaia horren ondorio da; askorik ezin esan horren kontura", adierazi du Arriolak Bilbon eskainitako prentsaurreko batean.

Buruzagi sozialistaren hitzetan, EH Bilduko legebiltzarkideak "bere gain hartu ditu egotzitakoak", eta bi urteko kartzela-zigorra eta kargu publikoan aritzeko debeku berezia onartu ditu.

PP

Alfonso Alonso EAEko PPko presidente eta jarduneko Osasun ministroak ere gaiaz hitz egin du, baina epaiaz baino, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak Arraizi emandako "besarkadak" hartu ditu gogoan.

Gasteizen eskainitako prentsaurreko batean, Alonsok buruzagi jeltzalea kritikatu du epaiketaren egunean Arraizi babesa ematera joateagatik.

Besarkada horiengatik, "harrituta" dagoela esan du PPko buruzagiak. "EAJk EH Bildurengana hurbiltzeko keinu ugari egin ditu, eta horri kontrajarriz, PPrengatik urruntzen ari da, eta etengabeko erasoan dago", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Hasier Arraiz bideoak Alderdi politikoak berriak PSE-EE berriak Albisteak Alfonso Alonso bideoak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak