Politika -
Biktimei arreta
Euskadi eta Nafarroa elkarlanean arituko dira bizikidetza programetan
EAEko eta Nafarroako gobernuek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen inguruan egiten ari diren egitasmoak errepasatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko eta Nafarroako gobernuek lankidetzarako konpromisoa hartu dute. Terrorismoaren biktimei arretan, bakerako hezkuntzan eta bizikidetza egitasmoetan kolaboratuko dute.
Bi gobernuen arteko akordioa ostiral honetan Iruñean egin duten bileran zehaztu dute. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkaria eta Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izan dira buruz-buru. Iñigo Urkullu lehendakara eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea maiatzaren 10ean bildu ziren eta 18 puntuko protokoloa sinatu zuten. Ordutik, bi administrazioak biltzen diren lehen aldia da.
"Bizikidetzaren eraikuntzan memoria kritikoa" sustatzea garrantzitsua dela dio testuak. Gainera, "erkidegoetan izandako giza eskubideetan urraketa guztiak argitzea" eskatzen du. Bestalde, "bakearen kultura eta errespetuaren, demokraziaren eta bizikidetzaren baloreak" sustatzea behar-beharrezkoa dela azaldu du.
EAEko eta Nafarroako gobernuek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen inguruan egiten ari diren egitasmoak errepasatu dituzte ostiral honetako bileran.
Bileraren bigarren zatian, koordinazio eta proiektuen esparruak aztertu dituzte. Horrela, lan egiteko lau lerro definitu dituzte. Horietatik lehena, biktimei dagokiona. Esperientzien trukaketa eta instituzioen erantzunean praktika onak elkarbanatzea izango dute helburu.
Euskadik eta Nafarroak hainbat programa elkarbanatuko dituzte, tartean, "Adi-Adian" (biktima hezitzaileak) edota "Ahotsak" (unibertsitateko ikasleei elkarbizitza hezkuntza sustatzeko). Bestalde, bi parteek "Europa hiritarrekin" egitasmoan parte hartuko dutela aurreratu dute. Europa mailako bakerako egitasmoetan ere parte hartuko dutela aurreratu dute.