Politika -

Lankidetza protokoloa

Jaurlaritzak Nafarroarekin adostutako 18 puntuko ituna aurkeztu du

Erkorekak bi erkidegoen arteko lankidetza protokoloa, 18 puntu dituena, aurkeztu du, eta tartean ETB Nafarroan ikusteko legezko oztopoak gainditzeko" neurriak agertzen dira.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: Efe
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.
Jaurlaritzak Nafarroarekin adostutako 18 puntuko ituna aurkeztu du

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuarekin adostu duen eta 18 alorri eragiten dien akordioa aurkeztu du gaur, bake eta bizikidetzatik hasi, gizarte politikak igaro, eta EiTB Foru Erkidegoan zabaltzeko neurriak barne hartzen dituena.

Erkorekak prentsaurrekoa eman du Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egin duten lankidetza itunari buruzko xehetasunak emateko.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua lankidetzan arituko dira ETBren emisioak Foru Erkidegoan jasotzen jarraitzeko, Espainiako Gobernuak ostegunetik aurrera emisioak bertan behera uztea agindu ostean. Jaurlaritzaren ordezkariak gogorarazi du UPNk Nafarroako Gobernua zuenean egindako eskaera baten harira agindu dutela emisioak etetea.

Nafarroarekin lotutako itunak aurreikusten duen jarduera eremuen artean dago ETBren emisioak Foru Erkidegoan ematea ahalbidetzea.

Hala, protokolo horren baitan, administrazioek ETB Nafarroan ikusteko "legezko oztopoak gainditzeko" neurriak adostu dituzte.

Protokoloa

Bi erkidegoen arteko ituna "asmo adierazpena" omen da, gero "tresna juridiko zehatzagoak" behar dituena, alor bakoitzera egokituta.

Dokumentua "guztiz legezkoa" dela berretsi du, eta Eusko Jaurlaritzak ez omen luke ulertuko euren eskumenetara mugatzen diren akordioen kontra helegiteak jartzea.

Espainiako Gobernuaren "joera zentralizatzailea"ren aurrean "kezkatuta" daudela gogorarazi du Erkorekak, autogobernuari "kalte egitea" bilatzen duela iritzita.

Horretarako, EAEk eta Nafarroak Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmena defendatzeko konpromisoa hartu dute, eskubide historikoekin eta aldebitasunarekin batera.

Bestalde, bakea egonkortzeko eta bizikidetzarako, indarkeriari zilegitasuna kentzeko, egiaren eskubidea aldarrikatzeko, justiziarako, biktimen konponketarako eta giza eskubideen urraketa guztiak argitzeko programak ere sustatuko dituzte protokolo horren baitan.

Zerbitzu sozialen, berdintasunaren, indarkeria matxistaren, osasunaren, kontsumoaren, gaztediaren, kirolaren, hezkuntzaren, kulturaren eta hizkuntza politikaren alorretan ere koordinazio lana egingo dute.

Babes zibilarekin, segurtasun publikoarekin, ingurugiroarekin, klima aldaketarekin, lurralde antolaketarekin, udal administrazioarekin, turismoarekin, nekazaritzarekin, komunikazio eta garraio azpiegiturekin, funtzio publikoarekin, administrazio elektronikoarekin, justizia administrazioarekin eta finantza politikarekin lotutako neurriak ere jaso dituzte dokumentuan.

Uxue Barkos. Nafarroako gobernua Gobierno de Navarra. EFE

Uxue Barkos. Nafarroako gobernua Gobierno de Navarra. EFE

Uxue Barkos Nafarroako presidentea, artxiboko irudian. Efe

Barkos

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak begi onez jo du lankidetzara protokolo orokorra, datorren astean Nafarroak eta EAEk sinatuko dutena, "harremanak normaldu" eta lankidetzaren oinarriak ezarriko dituelakoan.

Barkosek prentsaurreko batean azaldu duenez, Gasteizen Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera sinatuko duten itunari esker, EAE Errioxako eta Aragoiko erkidegoen "maila berean" geratuko da.

Nafarroako eta Euskal Autonomi erkidegoak 18 eremutara zabalduko dute lankidetza, 2009an sinatu zuten akordiotik harago, AHTra, euskararen sustapenera eta ETBren emisiora mugatzen baitzen hura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Telebista publikoa albisteak Euskal Telebista Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak