Politika -
Forum Europa
Aresek dudan jarri du Ipar Irlandak De Juanari ezarri dion kontrola
Bestalde, Herrizaingo sailburuak uste du presoen eta ezker abertzalearen gehiengoa borroka armatuaren kontra dagoela.
Erredakzioa
Aresek zalantzan jarri du Ipar Irlandak Iñaki de Juana Chaos ETAko preso ohiaren gainean "kontrol nahikoa" izan duela. Izan ere, ez dute bere berririk martxoaren 25etik, Belfasteko epailearen aurrean egon zenetik.
De Juana Chaos behin behineko askatasunean zegoen Espainiak eskatutako estradizioa epaitzeko zain. Baina azken egunotan ez du bete egunero Poliziaren aurrera joateko agindua, ez da etxean egon eta ez da lanera joan. Hori dela eta, fidantzaren baldintzak urratu dituela eta Ipar Irlandatik alde egin duela susmatzen dute.
Aresek esan du ihesaldia Ipar Irlandak "kontrol nahikoa ezarri ez" diolako gertatu dela.
Orain, "lehenbailehen" De Juana aurkitzea eta Espainiara estraditatzeko izapideak betetzea omen da helburua.
ETA, atentatuak egiteko prest
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak uste du ETAren asmoa atentatuak egiten jarraitzea dela, nahiz eta presoen eta ezker abertzalearen gehiengoa borroka armatuaren kontra egon. Gainera, ETAri "oztopo bat" dela esateko "mundu horrek pauso txiki batzuk" eman dituela onartu du, baina "nahikoa ez" direla, eta ETArengandik "bakartzeko" garaia dela eskatu dio.
Forum Europa-Tribuna Catalunyan Rodolfo Aresek gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusia terrorismoa deuseztatzea da, eta azpimarratu du "ETA inoiz baino ahulago" dagoela, "azpiegitura gutxiagorekin, gizartearen eta nazioartearen babes urriarekin, eta inoiz baino gehiago jazartzen du poliziak eta epaitegiek".
"Kartzeletatik, ETAko presoen gehiengoak uste du ETAk alde batera utzi beharko lukeela borroka armatua, eta erradikal abertzale gehienei gustatuko litzaieke ekintza kriminalak amaitzea", gaineratu du.
Hala ere, uste du ETAk "argi utzi duela jarduera terroristarekin jarraitzeko asmoa duela" eta "ez da ahaztu behar min egiteko gaitasuna duela". "Hori dela eta, deskantsurik gabe lanean jarraitu behar dugu, estu-estu, ETAri fronte guztietan aurre egiteko. Terroristak atxilotzen, taldeak, zuloak eta lehergai fabrikak desegiten jarraitu behar dugu", Herrizaingo sailburuaren esanetan.
"Bi egunean behin terrorista bat atxilotu" dutela zehaztu ondoren, Ertzaintzaren "lehentasuna ETAren harrobia moztea" dela adierazi du.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak "ETAri aurre egiteko demokrata guztien batasun osoa" bilatzen segiko duela ere azpimarratu du.
"Pauso txikiak"
Herrizaingo sailburuak ezker abertzalearen baitan izandako eztabaida eta proposamenak ere izan ditu hizpide, eta onartu du "pauso txiki batzuk" eman dituztela "ETAri oztopo bat dela esateko", baina "pauso txiki horiek gutxiegi" direla uste du.
Gainera, "beren burua ezker abertzalearen buruzagi jotzen duten horiei" esan die "ez ditzatela beren jarraitzaileak eta gizartea engainatu negoziazioaz eta prozesuaz hitz egiten, bide hori itxita baitago".
Biktimak
Biktimei buruz, azaroaren 10a Memoriaren Egun izendatu nahi dutela azaldu du, "euskal erakunde guztiek babesa ager diezaieten".
Hezkuntza Plana
Eusko Jaurlaritzaren Bakerako Hezkuntza planari buruz, "kritikak" jaso baditu ere "indar politiko gehienek" babestuko dutela espero du.