Politika -
Madril
5 urteko kartzela zigorra, PPren egoitzari eraso zion gizonari
Ibilgailuarekin PPren Genova kaleko egoitzaren aurka talka egin zuen, eta etxean egindako lehergailu bat topatu zuten auto barruan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilgo Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Daniel Perez Berlangari, PPren Madrilgo Genova kaleko egoitzari eraso zion gizonari. 2014ko abenduaren 19an autoarekin PPren egoitza nagusiaren kontra talka egin zuen, nahita, barruan zeraman lehergailua eztandarazteko asmoz, antza.
Auzitegiko 15. Sekzioak lehergaiak egitea eta edukitzea eta sutea eragiteko saiakera leporatu dio Daniel Perez Berlangari.
Magistratuek frogatutzat jo dute Perez Berlangak lehergailu su-eragilea egin zuela eta ibilgailuko maletategian sartu zuela, pertsonen segurtasuna arriskuan zegoela bazekien ere.
Epaimahaiaren arabera, lehergailua bost kilo eta erdi ureaz eta gasolinaz eginda zegoen, eta plastikozko kutxa batean sartuta zegoen. Gainera, bi butano bonbona eta hiru litro eta erdiko gasolina edukiontzi bat ere erantsi zizkion.
Lehergailua aktibatzeko sistema deskonektatuta zegoen ibilgailuak PPren egoitzaren kontra talka egin zuenean.
Ibilgailua baliatuz, aurretik eraman zituen PPren Genovako egoitzako sarrerako atea, itxitura metalikoa, harrera-gela eta mostradorea. 40.000 eurotik gorako kalteak eragin zituen, eta Perez Berlangaren aseguru-konpainiak ordaindu zituen.