Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Bi urterainoko zigorra lau gazteri, Urigoitia omentzeagatik

Lau auzipetuek ekintzak onartu eta akordioa erdietsi dute Jose Perals fiskalarekin. Ez dira espetxera joango.

Auzipetutako lau lagunak, Auzitegi Nazionalean. EFE.
Auzipetutako lau lagunak, Auzitegi Nazionalean. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urterainoko espetxe-zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak Lucia Urigoitia ETAko kidearen omenaldian parte hartzeagatik auzipetutako lau otxandiar gazteei, terrorismoa goratzea egotzita. 1987an tiro bat jasota hil zen Urigoitia Pasaian, Guardia Zibilarekin izandako tiroketa batean. 2015eko uztailean, Otxandioko jaietan, omenaldia egin zioten, eta ekitaldi horretan parte hartzeagatik zigortu dituzte laurak; plaka bat jarri zuten, monolito baten ondoan, Urigoitiaren omenez.

Lau auzipetuek egotzitakoa onartu eta akordioa adostu dute Jose Perals fiskalarekin. Horrela, ez dira espetxera joango. Hasieran, bina urte eta erdiko espetxe zigorra eta hamarna urteko inhabilitazioa eskatu zuen fiskalak horientzat.

Aitor Uribek, Asier Duranek eta Miren Jone Soloetak bina urteko kartzela-zigorra eta zortzina urteko inhabilitazioa adostu dute, eta 2.160 euroko isun bana ere ezarri die epaileak. Soloetari, gainera, urtebeteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri diote, aurrekariak zituelako.

Amaiur Lopez de la Callek, berriz, urtebete eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eta 2.160 euroko isuna adostu du.

Auzipetuek ohar bidez adierazi dutenez, "ez da justiziarik egin", eta "are gutxiago, oroimenari eta elkarbizitzari bide eman". "Ozen diogu, lau haizetara, oroimena zigortu, zigortu daitekeela, baina ez ordea lapurtu", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea