Politika -
Estatu terrorismoa
Verarentzat 'guztiz alferrikakoa' da GALengatik barkamena eskatzea
Hala eta guztiz ere, aitortu du hanka sartu zutela ETAren kontrako borrokan. Otegik politika egiten duela eta Espainiako edozein txokotan agertzen dela kritikatu du.
agentziak | erredakzioa
Rafael Vera (PSOE) Espainiako Estatuko Segurtasun idazkari ohiak (1986-1994) esan du GALen jardueragatik barkamena eskatzea "esfortzua, eta guztiz alferrikako" dela, arduradunetako asko hilda daudelako.
"Orain barkamena eskatzen edo gertatzen zena azaltzen jartzen bagara, denbora asko xahutuko dugu", adierazi du Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean, ETAren kontrako borrokan hankasartzeak egin zituztela aitortu aurretik.
"Hainbeste urtetan eta hainbeste hildako eragin dituen jarduera kontraterrorista batean, imajina dezakezu zenbat dauden", adierazi du akatsen inguruan galdetuta.
Bestalde, Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiak politikan jardutea eta Espainiako edozein txokotan lasai ibiltzea kritikatu du, GALeko kide izan ziren poliziek eta guardia zibilek lana galdu zutelako.