Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Barcenas auziko fidantzari PPk jarritako helegitea atzera bota dute

Alderdi Popularrak bere errekurtsoan arrazoitu zuenez, fidantzaren kopurua ezartzerakoan (1,2 milioi euro), epaileak ez zituen kontuan hartu aurretik, jada, hainbat arduradunek jarritako ondasunak.

Luis Barcenas, PPko diruzain ohia. EFE.
Luis Barcenas, PPko diruzain ohia. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barcenas auziko fidantzaren harira Alderdi Popularrak jarritako helegitea atzera bota du Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegiak, bermea ordaintzeko igorritako ohartarazpena ezin dela errekurritu argudiatuta.

Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak 10 eguneko epea eman zion, maiatzaren 23an, Alderdi Popularrari Barcenas auziko erantzule subsidiario gisa dagokion 1,2 milioi euroko bermea ordaintzeko.  Popularrek epe horren barruan aurkeztu zuten bankuko abala, baina helegitea ere jarri zuten.

Helegitea atzera bota duen epaileak dioenez,  bermea ordaintzeko igorritako idatzia jada erabakita dagoen erresoluzio bat jakitera emateko baino ez zen; beraz, epailearen arabera, ohartarazpen horren kontrako helegiterik ezin da jarri.

Dena dela, epaitegietako iturriek jakitera eman dutenez, baliteke PPk helegitea beste bide judizial batetik bideratzea.

Alderdi Popularrak bere errekurtsoan arrazoitu zuenez, fidantzaren kopurua ezartzerakoan, epaileak ez zituen kontuan hartu aurretik, jada, hainbat arduradunek jarritako ondasunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Barcenas auzia Politika Eguneko albisteak Eguneko albisteak