Politika -
Ostegunean atxilotuak
Segiko ustezko lau kideak Paueko auzitegiaren aurrean agertu dira
Euren aurkako atxiloketa euroagindu bat zutela jakinarazi die auzitegiak. Carlos Renedo, Olatz Eizaguirre, Asier Coloma eta Gaizka Likona ostegunean atxilotu zituzten Iparraldean.
Erredakzioa
Ostegunean, Iparraldean atxilotutako Segi erakundeko ustezko lau kideak Paueko auzitegiaren (hego-mendebaldea) aurrean izan dira gaur, eta euren kontra zen euroaginduaren berri eman diete.
Espainiako eta Europako atxiloketa agindua euren kontra zutela jakinarazi die auzitegiak, iturri judizialek azaldu dutenez, baina aginduaren zehaztasunik ez dute eman.
Lau atxilotuak (Carlos Renedo Lara, Olatz Eizaguirre, Asier Coloma Ugartemendia eta Gaizka Likona Anakabe) Seysseseko espetxean izango dira eta maiatzaren 11n Espainiari entregatzea edo ez erabakiko du auzitegiak, atxilotuetako baten abokatuak adierazi duenez.
ETAko 14 kide berri, Poliziaren arabera
ETAren egituran 14 kide berri direla uste du Espainiako Poliziak, gazte erakundeko buruzagi ohiak, alegia. Iragan azaroan, Segiren kontrako operazio batean 35 lagun atxilotu zituzten, eta ordutik ihes eginda dira.
Horregatik, gazte erakundeko 14 buruzagi ohien argazkiak eta profilak terrorista bilatuenen zerrendan sartzea erabaki zuten segurtasun indarrek.
Ostegunean atxilotutakoez gain, Raul Aduna Vallinas, Javier Agirre Ibañez, Eneko Agirrebiria Olegoy, Jon Etxeberria Oiarbide, Zuriñe Gogenola Goitia, Iñaki Imaz Munduate, Fermin Martinez Lakunza, Oier Oa Pujol, Iker Santamaria Álvarez eta Artzai Santesteban Arizkuren dira zerrenda horretan.