Politika -
Europako Eguna
Lehendakariak "laguntza" eskatu dio Europari ETArekin amaitzeko
Europako Eguna ospatzeko, ekitaldi berezia egin dute Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan.
Erredakzioa
ETArekin bukatzeko "laguntza" eskatu dio Patxi Lopez lehendakariak Europar Batasunari. Bere ustez, ETA Europan dagoen "indarkeria terroristaren azken gotorkekua" da.
Europako Eguna ospatzeko, ekitaldi berezia egin dute Gasteizen, Lehendakaritzako egoitzan.
Hainbat gonbidatuen aurrean egindako hitzaldiaren aurrean, Europar Batasunari Euskadik esaten duena "entzuteko" eskatu dio lehendakariak, eta helburu horrekin lanean jarraituko duela agindu du.
"Gutxinaka-gutxinaka krisi ekonomikotik ateratzen ari garen" unean eta "ETArekin bukatzen goazenean", Europak Euskadi entzun behar duela uste du lehendakariak.
Horrez gain, Euskadik Europar Batasunean "ahotsa izatea" nahiko lukeela esan du, giza-eskubideen defentsan eta terrorismoaren deslegitimazioan "laguntza izateko".
"Europak gurekin batera lan egin behar du, horrela Kontinentean existitzen den azken gotorleku terrorista desagertarazteko, hau da, ETArekin bukatu ahal izateko", gaineratu du.
Lankidetza
Bestalde, Euskadik Europar Batasunean presentzia handiagoa izatea nahi du lehendakariak. EAEk ahotsa izan behar du, baina beti beste administrazioekin lankidetzan, Gobernu Zentralarekin esaterako. Euskadi "indar eta eraginkortasun handiagoarekin Bruselara" joatea ahalbidetuko du horrek, Lopezen ahotan.
Zentzu horretan, lankidetza horrek ekarri dituen "onurak" gogorarazi ditu agintariak eta "legealdia hasi bezain laster" Eusko Jaurlaritzak jokatutako papera goraipatu du, Europako aurrekontua berriz aztertzea eskatzeko erkidegoen jarrera biltzen zuen agiria egiteko eta aurkezteko orduan.
Eskumen gehiago
Erkidego autonomoen eskumenak zabaltzeko orduan Eusko Jaurlaritzak egindako lana gogorarazi du lehendakariak, Europar Batasunarekin Erlazioa duten gaien Konferentziaren bidez. Exekutiboak "eskumen gehiago" izateko lanean jarraituko duela ziurtatu du Lopezek, "bidea hori delako".