Politika -

Ikerketa judiziala

Irregulartasunak ukatu dituzte Jaurlaritzaren prentsa arduradunek

Jaurlaritzak ordaindutako eta Noticias taldeak bere komunikabideetan argitaratutako zenbait publizitate-kanpaina ikertzen ari dira Gasteizko epaitegian.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren bi prentsa arduradunek deklaratu dute gaur epailearen aurrean, ustez Noticias taldeko komunikabideetan zenbait albiste kaleratzeko ordaindu izana egotzita. Biek esan dute Euskal Autonomia Erkidegoko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalerako Legea bete zutela.

Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegia Jaurlaritzak ordaindutako eta Noticias taldeak bere komunikabideetan argitaratutako zenbait publizitate-kanpaina ikertzen ari da, UPyDk jarritako salaketa argitzeko. Publizitate-kanpaina horiek “albiste gisa mozorrotuta” publikatu zirela salatu zuen UPyDk.

Gaur, Aitzol Zubizarreta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Komunikazio zuzendariak eta Imanol Zuluaga Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Komunikazio zuzendari ohiak deklaratu dute.

Guztira, Eusko Jaurlaritzako sei arduradun daude ikerketapean, tartean Zubizarreta eta Zuluaga, UPyDren salaketaren ondorioz.

Iñaki Bernardo Eusko Jaurlaritzako Komunikazio zuzendariari prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta kontratazioan iruzurra egitea leporatzen diote. Auzia argitu bitartean, kargua behin-behinean uztea erabaki zuen.

Oraingoz ez dago deklarazio gehiagorik aurreikusita. Auziak “konplexutasun berezia” du, epailearen arabera, eta, ondorioz, 2017ko udara arteko epea izango du ikertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Albisteak