Politika -

Ez-ohiko bilkura

CGPJ bilduta, Garzon kargutik kendu ala ez erabakitzeko

Sektore kontserbadoreak behin-behinean kargutik kendu nahi du. Alabaina, Garzonek Hagako Auzitegira joateko eskaria egin duela eta, ezin da baztertu azkenean kontrako erabakia hartzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) ez-ohiko bilera egiten ari da, Baltasar Garzon behin-behinean kargutik kentzea ala ez erabakitzeko; izan ere, Auzitegi Gorenak aste honetan ahozko epaiketa ireki du Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka, frankismoko krimenak ikertzen saiatzeagatik.

11:00etatik abian dagoen bilera hori CGPJko zazpi bokal hauek behartu dute: Pio Aguirre, Manuel Almenar, Miguel Collado, Antonio Dorado, Claro Jose Fernandez, Gema Gallego eta Antonio Montserrat. Alderdi Popularrak proposatutakoak dira guztiak, sektore kontserbadorea deitutakoa osatzen dutenak.

Antonio Dorado bokalaren iritzian, irtenbide bakarra Garzon aldi baterako kargutik kentzea da. Frankismoko krimenak ikertzen saiatzeagatik jarritako kereilaz gain, Garzonek beste bi auzi irekita dituela ekarri du gogora: New Yorkeko Unibertsitatean ikastaro batzuk emateagatik jaso zuen diruagatik eta 'Gurtel' auziko inputatu nagusiek kartzelan izan zituzten komunikazioak interbenitzea agintzeagatik.

Alabaina, beste iturri batzuen arabera, ezin daiteke baztertu azkenean Garzon kargutik ez kentzea erabakitzea, izan ere, epaile batzuk begi onez hartu dute epaileak Hagako Auzitegira joateko eskaera egin izana eta horrela bere kontrako auziak argitu bitartean "albo batera" egin izana.

Garzonen abokatuak epaiketa bertan behera uztea eskatu du

Bestalde, Baltasar Garzon epailearen abokatuak, Gonzalo Martinez-Fresnedak, idatzi bat aurkeztu du Auzitegi Gorenean Garzonen aurkako ahozko epaiketa baliorik gabe uztea eskatzeko.

Idatzi horren arabera, Garzonen aurkako epaiketa hasteko autoa ez da zuzenena, izan ere, fiskalak edo akusazio partikularrak eskatzen dutenean bakarrik hasi daitezke ahozko epaiketak.Abokatuak argudiatu duenez, epaiketa hastea Manos Limpias sindikatu ultraeskuindarrak eta Libertad e Identidad elkarteak eskatu dute, herri-akusazioek, hain zuzen ere. Gainera, Luciano Varela instrukzio epaileak "bideratuta" egin dutela kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika albisteak Espainia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nazioarteko Zigor Auzitegia