Politika -
Eskakizuna PSOEri
CiUk bozak aurreratzea edo konfiantza mozioa aurkeztea eskatu du
Kataluniarren bozeramaileak aukera horietako bat hautatzeko edo presidenterako hautagaia aldatzeko eskatu die sozialistei, Jose Luis Rodriguez Zapateroren ahultasun politikoa "nabarmena" delakoan.
Erredakzioa
Josep Antoni Duran i Lleida CiUren Kongresuko bozeramaileak eskaria egin dio ganbera horretako sozialisten taldeari: hauteskundeak aurrera ditzala, konfiantza mozio bat aurkez dezala edo presidenterako hautagaia alda dezala. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaren ahultasun politikoa "nabarmena" dela iritzi dio CiUren eledunak.
Dena dela, Duran i Lleidak kazetarien aurrean onartu du zaila izango dela hiru gauzak gertatzea.
CiUk Kongresuan duen bozeramaileak uste du Mariano Rajoy oposizioko buruak galdu egingo lukeela zentsura mozioa aurkeztuko balu, alderdi ezkertiarrek eta beste batzuk Gobernuaren alde egingo luketelako. Gainera, CiUk berak ere ez omen du ikusten PP alternatiba ekonomikoa izateko gai.
Bozeramaile kataluniarrak uste du mugarri izango dela aste hau, Gobernua "oso ahulduta" aterako delakoan, ez eskubide sozialen alorrean egin duen erreformagatik bakarrik, baizik eta Bruselak ezarritako aginduak direlako, haren esanetan.
Gainera, Gobernuaren ahultasun horrek merkatuen gaineko sinesgarritasunari eragiten omen dio.