Politika -
Atxiloketa
Iker Santamaria ustezko Segiko militantea, atxilotuta Donostian
Azaroan gazte organizazioko 35 kide atxilotu zituztenetik ihesi dagoen Segiko ustezko hamar militanteetako bat da.
Erredakzioa
Ertzaintzako agenteek Iker Santamaría Alvarez atxilotu dute gaur Donostian, azaroan Segiko 35 kide atxilotu zituztenetik ihesi egon den organizazioko ustezko hamar militanteetako bat, terrorismoaren kontrako iturriek EFE agentzia zerbitzuari jakinarazi diotenez.
Iturri horiek diotenez, atxiloketa Auzitegi Gorenaren agindupean eman da eta talde armatuarekin kolaborazio lanetan ibili izana egozten zaio.
Segiko beste ustezko lau militante, hauek ere azarotik ihesi, Carlos Renedo Lara, Olatz Izaguirre, Asier Coloma Ugartemendía eta Gaitza Likona Anakabe izenez identifikatuak Frantzian atxilotu zituzten iragan den maiatzaren 6an .
Oraindik ihesi jarraitzen duten Segiko ustezko bederatzi militanteak hauek dira: Raúl Aduna Vallinas, Javier Agirre Ibáñez, Eneko Agirrebiria Olegoy, Jon Etxeberria Oiarbide, Zuriñe Gogenola Goitia, Iñaki Imaz Munduate, Fermín Martínez Lakunza, Oier Oa Pujol eta Artzai Santesteban Arizkuren.
Espainiar poliziaren ustez, pertsona hauek guztiak ETAko egituraren parte izatera igaroko zuten. Hori dela eta, gazte organizazioko mandatari ohien argazki eta profilak terrorista bilatuenen zerrendara gehitzea erabaki zuten.
Auzitegi Gorenak organizazio terrorista aitortu zuen Segi, 2007ko urtarrilaren 19an, jadanik legez kanpo dauden Haika eta Jarrai taldeen jarraitzailetzat hartzeagatik.