Itxi

Politika

Itunak

Rajoyren inbestidura ahalbidetzeko eskatu dio Felipe Gonzalezek PSOEri

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Felipe Gonzalezek baztertu egin du Alderdi Popularrarekin “koalizio handia” osatzea, baina erantsi du PSOEk ez lukeela oztopatu beharko PPk gobernua osatzea, gutxiengoan bada ere.

1:17
Felipe Gonzálezen artikulua

Felipe Gonzalezek Mariano Rajoyrekin hitz egin dezala eskatu dio PSOEri, koalizio handia osatzea eta inbestiduran hari babesa ematea baztertuta, baina, beharrezkoa izango balitz, Espainian gutxiengo gobernu bat izatea ahalbidetuta.

Alderdi Sozialistak larunbatean bilduko du batzorde federala, Mariano Rajoyren inbestidura saioan hartu beharreko jarrera erabakitzeko. Hori dela eta, Gonzalezek iritzi artikulu bat argitaratu du El Pais egunkarian, 'Inbestidura lehenbailehen?' izenburupean.

Artikulu horretan Espainiako Gobernua uztailean edo abuztuan osatzearen beharrizana azpimarratzen du.

“PSOEk ezin du eta ez du Alderdi Popularrarekin koalizioa egin behar. Bere tokia izan behar du, oposizio arduratsua eginda”, adierazi du. Ildo berean, Alderdi Sozialistak bere proiektua berritu behar duela esan du.

Zortzi hilabetetan Gobernurik osatu gabe egon ostean, Gonzalezek uste du bi irtenbide daudela: PPk gutxiengoan gobernatzea edo PP buru izango duen Gobernu bat eratzea. Hortaz, Rajoyk “lanari serio ekiteko” obligazioa duela eta “proposamen zehatzak” egin behar dituela nabarmendu du.

PPren presidentegaiari inbestidurarako bere inguruko alderdien babesa lortzea dagokiola esan du, Ciudadanosi eta Coalicion Canariari aipu zuzena eginez.

Alderdi Sozialistaren eginkizuna, berriz, Rajoyri elkarrizketarako eskua luzatzea dela adierazi du. “Argi utzita, PPrekin koalizioa osatzeko aukera baztertuta dagoela”, baina Alderdi Popularrak gutxiengo gobernu bat osatzeko aukerarik badu, inolako oztoporik jarri gabe.

Laburbilduz, “koalizioa egitea eta Rajoyri inbestiduran babesa ematea baztertuta, Espainian gutxiengo gobernu bat izatea ez luke oztopatu beharko”, gaineratu du Gonzalezek.

Mendia: 'PSOEk ezin du PP babestu, ezta zeharka ere'

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du “errespetua” diola Felipe Gonzalezi eta “arretaz” irakurtzen dituela haren artikulu guztiak, baina “orain erabakiak hartzeko erantzukizuna Pedro Sanchezi” dagokiola gogoratu dio.

“Gizartea asko aldatu da, herritarrak krisiaren ondorioak sufritzen ari da, pobreziak gora egin du eta, ondorioz, PSOEk ezin du Alderdi Popularraren gobernurik babestu, ezta zeharka ere”, adierazi du Mendiak. Jarrera hori eramango du larunbateko batzorde federalera.

“Ez gaude hirugarren hauteskundeen testuinguruan, eta hala izango balitz, ez da Alderdi Sozialistaren ardura beste alderdi batzuekin akordioak bilatzea; PPk bilatu behar ditu akordioak berarengandik hurbilago dauden alderdiekin”, erantsi du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena