Politika -
Oharra
ETArekin elkarrizketa bidea abiatu duela ukatu du Jaurlaritzak
Zabalik dagoen bide bakarra "ETAko kideak eta bere laguntzaileak espetxera eramango dituena" dela nabarmendu du.
Erredakzioa
ETArekin inongo elkarrizketa edo komunikazio biderik izan duela ukatu du Eusko Jaurlaritzak Lehendakaritzak kaleratutako ohar baten bidez. Erakundearekin zabalik dagoen bide bakarra "ETAko kideak eta bere laguntzaileak espetxera eramango dituena" dela gaineratu du.
"Gauza bat da erakunde terroristak Espainiako Gobernuarekin, Alderdi Sozialistarekin eta PPrekin elkarrizketa bideak nahi izatea eta beste gauza bat da harreman horiek izatea", esan du Jaurlaritzak ohar horretan.
"Gertakariek argi uzten dute Zuzenbide Estatuak ETAren terrorismoaren eta haren inguruaren aurkako borrokari" eusten diola, bide poliziala eta judiziala erabilita, nazioarteko lankidetzarekin eta indarkeriaren zilegitasun ezarekin", oharraren arabera.
Jaurlaritzaren ustez, ETA "ahul" dago eta, horregatik, euskal gizarteak mende erdiz "mina eta sufrimendua" eragin duen "gaitz honen azkena gertuago" ikusten du. Hain justu, bide horretatik indarkeriari azkena eman arte lanean jarraituko duela adierazi du Gasteizko Gobernuak.
ETAri eta haren inguruari adierazi dio espetxea dela espero dezaketen bakarra. Horren ildoan, "oinarririk ez duten salaketak" egiten dituztenek demokraziari mesederik egiten ez diotela eta helburu bakarra giro politikoa nahastea dela erantzun die.
Rubalcaba
ETAri atzemandako dokumentu baten arabera, PPrekin "negoziatzeko aukera eta berme" handiago dutela uste du ETAk, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Maria Dolores de Cospedali erantzun dionez.
Rubalcabaren hitzetan, ez dago ETArekin negoziatzeko inolako aukerarik, eta, ETAk berak ere, sozialistekin ez du negoziatu nahi.
Rubalcabaren esanetan, "PSOEk, eta hortaz PSEk ere, ez du ETA begi-bistan ikusi nahi", eta "jateko gauzekin ez jolasteko" eskatu dio De Cospedali.
Basagoitiren ohartarazpena lehendakariari
Bestalde, Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidentea Patxi Lopez lehendakariari zuzendu zaio eta PSEk ETArekin hitz egiten badu, Alderdi Popularraren babesa galduko duela ohartarazi dio.
Punto Radion egindako elkarrizketa batean, Basagoitik azpimarratu du sozialistak "kontziente" izan behar direla ETArekin negoziatzeak "PSE-PP hitzarmena urratzen duela eta, ondorioz, gutxiengoan geratuko lirateke eta Patxi Lopezek ezingo luke lehendakari bezala jarraitu".
"Espero dut Eusko Jaurlaritzak azalpen bat emango digula, eta bestela, informazio horiei sinesgarritasuna emango diegu", erantsi du.
"Ergel batek soilik sinets dezake, laugarren aldiz, ETAn eta ezker abertzalean terrorismoarekin amaitu nahi dute sektore posibilistak existitzen direla", nabarmendu du.