Politika -
'Marguello auzia'
Salaketak "baieztatzen" dituzten lanak aurkeztu ditu Bengoak
Ikerketaren "oinarrizko zatia" aztertzeko "informazio guztia" du Ikerketa Batzordeak, Osasun sailburuaren hitzetan.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Ikerketa Batzordean. Batzorde horrek ''Marguello auzia'' aztertzen du. Azken hilabeteetan egindako lan batzuek salaketak "baieztatzen" dituztela esan du sailburuak. Gabriel Inclan aurreko Osasun sailburuaren garaian, Jose Carlos Marguello Gurutzetako Kalitate Zuzendari ohiaren enpresa batzuei kontratatutako zenbait zerbitzuren "legalitatea" argitzeko espediente informatiboa zabaldu zuen Sailak.
Batzordera sartu baino lehen egindako adierazpenetan, ustezko irregulartasunak salatu zituztenetik urtebete pasa dela gogorarazi du Bengoak, denbora horretan "iturri tekniko eta juridiko anitzetako txosten asko" aurkeztu dira.
Horregatik, Ikerketa Batzordeak ikerketaren "oinarrizko zatia" aztertzeko "beharrezko informazio guztia" duela esan du Bengoak, EAJren kritikei erantzunez. Eskatutako 52 txostenetatik Ikerketa Batzordeari bakarra igorri diotela salatu dute jeltzaleek gaur.
Bestalde, datozen hilabeteetan Batzordeak "lasaitasunez" lan egin behar duela defendatu du sailburuak.
Garrido
Lehen agerraldi hau amaitu ostean, Laura Garrido batzordeko presidenteak saioaren edukia sekretua dela gogorarazi du eta Legebiltzarrari igorritako txosten guztiak aztertu dituztela esatera mugatu da. Guztiak Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatutako txostena izan ezik, oraindik ez dietelako bidali.
Batzordea "normaltasunez" garatu dela azaldu du Garridok, eta lanak hasteko informazio eta material "nahikoa" dagoela adierazi du.