Politika -
EAEko hauteskundeak
EH Bilduk parte-hartze prozesu bat abiatuko du hautagaiak aukeratzeko
Lehendabizi Araba eta Bizkaiko zerrendaburuak aukeratuko dituzte, Otegi Gipuzkoako zerrendaburua izango baita.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk prozesu parte-hartzaile bat abiatuko du datozen egunetan, EAEko hauteskundeetarako zerrendak osatzeko asmoz. Lehendabizi Araba eta Bizkaiko zerrendaburuak aukeratuko dituzte, Otegi Gipuzkoako zerrendaburua izango baita.
Alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenaren arabera, "azken hauteskunde prozesuetan egin duen bezala", prozesu parte-hartzaile baten bidez osatuko ditu EAEko hauteskundeetarako zerrendak. Prozesu horren bitartez, EH Bilduren oinarriek zerrendak osatuko dituzten kideak proposatu ahalko dituzte, baita zerrenda osoak berretsi ere.
Zentzu horretan, gogorarazi dute alderdiaren oinarriek dagoeneko berretsi zutela lehendakari izateko Arnaldo Otegiren hautagaitza "Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri eta auzoetan egindako batzarretan".
Prozesua udan zehar egingo da, eta prozesuan zehar EH Bilduko oinarriek beren udalerrietan hautagaitza-zerrendak osatzeko hautagai posibleen izenak proposatu ahalko dituzte.
Otegi, Gipuzkoako zerrendaburua
Lehendabiziko aukeraketan Arabako eta Bizkaiko zerrendaburuak hautatuko dituzte, Gipuzkoako zerrendaburua Arnaldo Otegi izango delako. Horretarako, EH Bilduren zuzendaritzak proposamenak egingo ditu, eta, ondoren, “herrialde bakoitzeko herri-batzarretan berretsiko dira”.
Ondoren, oinarriek gainontzeko zerrendako kide guztiak aukeratzeko parada izango dute, herri-batzarretan horiek ere.