Politika -
Alderdikide Eguna Murgian
Urkulluk EAJren eredua defendatu du apustu ezezagunen aurrean
Gainera, berak gidatutako Gobernuak azken legegintzaldian egindako lana goraipatu du, azken 10 hilabeteetan Euskadiko ekonomia hazi egin dela eta 39 hilabetez jarraian langabezia jaitsi dela esanez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadik abentura eta apustu ezezagunak baino, EAJren eredu fidagarria behar duela defendatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren esanetan, "ziurgabetasun politiko, ekonomiko eta soziala" nagusi den garai honetan EAJk "Euskadiren etorkizunerako proiektua" eskaintzen du.
"Gure eredua fidagarria da. Euskadiren etorkizunerako proiektu bat daukagu", azpimarratu du. "Onena iristeke dago, urte hauek funtsezkoak dira Euskadiren etorkizunarentzat. EAJ egia, programa eta konpromisoa da. Gurea konfiantzaren, hazkundearen eta enpleguaren eredua da", esan du.
EAJ Arabako Alderdikide Eguna ospatzen ari da gaur Murgian eta Urkulluz gain, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko (ABB) presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere parte hartu dute ekitaldi politikoan.
Espainiako egoera politikoak "konplexua" izaten jarraitzen duela esan ostean, epe luzerako begirada eta planteamendurik ez izatea deitoratu du Urkulluk. Are gehiago, Espainian epe motzera begirako eta barne jarrerek baldintzatutako politika egiten dela salatu du.
"Egoera ekonomikoak, baliabideen erabilgarritasunak eta egoera politiko, sozial eta instituzionalak eredu berri bat eskatzen dute, egungo egoera agortuta dago eta. Estatuaren birfundazioa beharrezkoa da", defendatu du.
Alderdikideen aurrean egin duen hitzaldian, Euskadiren etorkizun ekonomikoan eta sozialean jarri du arreta Urkulluk eta Euskadi "bide onean" dela eta "onena etortzeke" dagoela nabarmendu du. Ildo horretan, berak gidatutako Eusko Jaurlaritzak azken legegintzaldian egindako lana goraipatu du azken 10 hilabeteetan jarraian Euskadiko ekonomia hazi egin dela eta 39 hilabetez jarraian langabezia jaitsi dela esanez. Halaber, enplegua "hamarrenka-hamarrenka, enpleguz enplegu eta pertsonaz pertsona", enpleguak hazten jarraituko duela ziurtatu du.