Politika -
Bakerako Hezkuntza Plana
Negoziaketan "aurrerapausoak" eman dituzte EAJk eta PSEk
Jaurlaritzako, PSEko eta EAJko batzorde negoziatzaileek bilera egin dute Gasteizko Ganberan, eta akordio bat bilatzeko negoziatzen jarraituko dutela baieztatu dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako, PSEko eta EAJko batzorde negoziatzaileek "aurrerapausoak" eman dituzte gaur Bakerako Hezkuntza Plan berriaren inguruan, bilera batean. Era berean, "azken unera arte" akordioa lortzeko aukera guztiak agortuko dituztela adostu dute.
Iturri sozialisten arabera, arratsaldean, Gasteizko Ganberan egindako bilerak bi aldeek negoziatzen jarraitzeko borondatea dutela baieztatu du, akordio "ahalik eta zabalena" lortzeko.
Hezkuntza Planaren inguruan akordioa lortzeko epea maiatzaren 31n amaitzen da, datorren astelehenean, baina Joseba Egibar EAJko bozeramailearen hitzetan, testu amankomun bat bilatzeko saiakera gehiago luza daiteke.
Eusko Legebiltzarreko pasilloetan, datorren astean beste bilera bat egingo dutela iragarri du Egibarrek.
Behin betiko testuaren zain
Dokumentuaren zirriborroan zenbait proposamen sartzea lortu dutela azaldu du EAJko ordezkariak, baina behin betiko testua nola gelditzen den itxarotea nahiago dutela gaineratu du, babesa eman ala ez erabakitzeko.
Bilera arratsaldean egin dute Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik Isabel Celaak eta Virginia Mugicak parte hartu dute. Bestalde, Jose Antonio Pastor eta Mikel Unzalu (PSE), eta Joseba Egibar, Iñigo Iturrate, Maribel Vaquero eta Arantza Aurrekoetxea (EAJ) ere bileran izan dira.