Politika -

Inbestidura

EAJk eta EH Bilduk Espainiaren batasunaren defentsa kritikatu dute

Estebanek uste du jarduneko presidentea gehiegi zentratu dela gai horretan, eta Beitialarrangoitiak esan du ezezkoa indartzen duela.

Esteban (EAJ): 'Rajoyren diskurtsoa zaharkitua eta kezkagarria izan da'

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea "harrituta" eta "haserre" agertu da Mariano Rajoyren inbestidura ekitaldiko hitzaldiarekin, Espainiaren batasunaren defentsan gehiegi zentratu delako. "Borrokaleku gutxi zituen irekita, bada orain beste bat dauka", ohartarazi dio.

Estebanek agerraldia egin du hedabideen aurrean Rajoyren hitzaldiaren ondoren, eta gogor kritikatu du jarduneko presidenteak "'Pepa'ri (1812ko Konstituzioa) erreferentzia egitea XXI. mendean".

"Euskadi nazio bat da, nahi ala ez, eta euskal herritarrok Espainiakoa baino nazio zaharragoa osatzen dugu", azaldu du EAJren bozeramaileak, baina 1812ko Konstituzioa "esklabista" zen eta Batzar Nagusiek "sekula ez zuten onartu", nabarmendu du.

Estebanek "superloapa"rekin alderatu du PP-Ciudadanos akordioa, LOAPA moduan ezaguna den Prozesu Autonomikoa Harmonizatzeko Lege Organikoari erreferentzia eginez: "1983an lortu ez zutena orain egin nahi dute".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren diputatuak, bestalde, argi adierazi du Rajoyren hitzaldiak ezezkoa indartu duela.

EH Bilduren diputatuak kazetarien aurrean esan du "ahal den ezezko borobilena" emango dutela biharko bozketan.

"Ciudadanosekin lotutako akordioek lehentasunak (Espainiaren batasuna, zentralizazioa eta murrizketak) agerian uzten bazituzten ere, gaurko hitzaldiak berretsi eta azpimarratu egin du hori", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak PNV-EAJ Rajoy Espainiako Gobernua bideoak Espainia EH Bildu Gipuzkoa Gaurko azken orduko albistea