Politika -
Bigarren bozketa
Rajoyren inbestidurak porrot egin du: Eta orain, zer?
Erregeak beste hautagai bat proposatu beharko du. Pertsona hori Rajoy bera izan daiteke, edo beste bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aditu konstituzionalistek azaldu dutenez, Rajoyri amaitu egin zaio Gobernua osatzen saiatzeko Felipe VI.a erregeak emandako agindua, ostiral honetan berriz ere porrot egin baitu inbestidura saioko bigarren bozketan.
"Rajoyri emandako agindua amaitu egingo da bigarren bozketak porrot egiten duen unean", adierazi du Roberto Blanco Santiagoko Unibertsitateko katedradunak, Europa Press agentzian egindako adierazpenetan.
Bat dator Yolanda Gomez UNEDeko katedraduna. Horren esanetan, Rajoy berriz ere izan daiteke hautagai, baina betiere erregeak berriz proposatzen badu haren hautagaitza.
Estatuburuak beste proposamen bat egiteko, baina "ezinbestekoa da" beste bilera-sorta bat deitzea Kongresuan ordezkaritza lortu duten alderdietako buruekin.
Teresa Freixes Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak gaineratu du erregeak "proposamen gehiago" egin behar dituela inbestidurek porrot egiten badute.
Alfonso Fernandez Miranda Madrilgo Unibertsitateko adituak ñabardura bat gaineratu du: baliteke erregeak hainbat proposamen egitea, "edo bat ere ez".
Hori bai, aipatutako aditu guztiak ados daude puntu batean: erregeak malgutasun handia du hautagai bat proposatzeko; Rajoyri esan diezaioke berriz, beste diputatu bati, edo Kongresuan ez dagoen bati.
Konstituzioak ez dio eperik jartzen estatuburuari hautagaiak proposatzeko edo bilera-sortak deitzeko. Epe bakarra Ganbarak desegiteko eta hauteskundeak berriz deitzeko dago jarrita. Horren ildotik, ostiralean Rajoyk porrot egiten badu, erlojua martxan jarriko da, eta balizko hirugarren hauteskundeak abenduaren 25ean izango dira.
Testuinguru horretan, adituek uste dute Felipe VI.ak beste bilera sorta bat deituko duela, baina segur aski EAEko eta Galiziako hauteskundeak pasatu arte itxarongo duela.