Politika -

Inbestidura

Rajoyk espero zuen ezetza jaso du eta Sanchez alternatiba bila hasi da

PPren hautagaiak ez du beharrezko gehiengo sinplea lortu. Sanchezek "geldiune politikoari irtenbidea bilatzeko" deia egin die "aldaketaren indarrei".

Mariano Rajoy PPren hautagaia, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy PPren hautagaia, artxiboko irudian.
Mariano Rajoyk porrot egin du berriro, inbestiduraren bigarren bozketan

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPren presidentegaiak porrot egin du berriro, inbestiduraren bigarren bozketan, ez baita gehiengo sinplera iritsi, kontrako botoak (180) aldekoak (170) baino gehiago izan dira eta.

170 aldeko boto eta kontrako 180 jaso ditu, eta ez da abstentziorik izan. Lehenengo bozketan, asteazkenean, gehiengo osoa behar zuenean, jaso duen babes berbera jaso du.

Aurreikusita zegoen moduan, Rajoyk PPren, Ciudadanosen, Coalicion Canariaren, UPNren eta Fororen babesa eta gainerakoen ezetza jaso du.

Sanchez "aldaketaren indarrei" begira

Pedro Sanchez PSOEren buruak Rajoyri asteazkenean eman zion ezezkoa berretsi du, eta "geldiune politikoari irtenbidea bilatzeko" deia egin die "aldaketaren indarrei".

"Zuen hautagaiak jaso duen porrotarekin ondorioak atera beharko zenituzkete, badakit ez duzuela egingo, ezagutzen zaituztegu", adierazi die Sanchezek PPren diputatuei, hautagaia aldatzeko iradokiz. Baina Sanchezek ziur esan du Rajoy ez dutela kenduko, PPren "estrategia hirugarren hauteskundeak" egitea delakoan.

Dena dela, aitortu du "alderdi politiko guztien ardura" dela blokeo egoera, "diputatu guzti-guztiena".

Hori dela eta, "aldaketaren indarrei" zuzendu zaizkie, Ciudadanosi eta Podemosi, "geldiune politikoari irtenbidea" bilatzen saiatzeko deia eginda.

"Guztion artean irtenbidea aurki dezakegu eta, ez izan zalantzarik, sozialistok irtenbidearen parte izango gara", esan du buruzagi sozialistak.

Rajoyk Sanchezi leporatu dio bozen errepikapena

Rajoyk, bere aldetik, Sanchezi leporatu dio hauteskundeak hirugarrenez errepikatzeko "ezkutuko nahia", eta jarrera horrek kostua izango duela eta guztien artean ordaindu beharreko "faktura" izango dela kritikatu du.

Rajoyk ardurarako azken deia egin die sozialistei, Espainiak funtzio guztiak beteko dituen gobernua izan dezan, baina azkenean gertatu dena gertatu da.

Gobernuko jarduneko presidenteak galdera zuzena egin dio Sanchezi, alternatiba politikorik, ekonomikorik eta konstituzionalki bideragarririk aurkeztu gabe, gobernuaren osaera blokeatuta bere asmoa zein den argi dezan.

Rajoyk uste du Sanchezek ez duela alternatibarik, ez delako "existitzen, muturreko fronte heterogeneo eta kontraesankorra izan ezik".

Iglesiasek dio Sanchezen azken aukera bera dela

Pablo Iglesias Podemosen buruak PSOEri eta Sanchezi ohartarazi die azken aukera dela Gobernu bat Podemosekin batera osatzeko, eta aukera aprobetxatzen ez badu, nahi duena hauteskundeak errepikatzea dela aitortzeko eskatu dio.

Iglesiasek gogorrago hitz egin du gaur PSOEren kontra, eta Podemosekin akordioa egin nahi ez izateagatik herritarren aurrean aurpegia emateko eskatu dio.

"Orduan, azaldu herritarrei hauteskundeak errepikatu nahi dituzuela", azpimarratu du.

Riverak ohartarazi du ez duela beste porrot batean parte hartuko

Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak PPri eta PSOEri ohartarazi die Ciudadanosek ez duela porrot egingo duen inbestidura gehiagotan parte hartuko.

Hala, ez omen du berriro horrelako "antzerkirik" onartuko, "espainiarrengan pentsatu beharrean eserlekuetan pentsatzen dutenen aldetik".

EAJk desblokeatzeko eskatu die

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazten duten "patriotismoa" erakusteko eskatu die PPri, PSOEri, Podemosi eta Ciudadanosi, Espainiaren blokeo instituzionalari irtenbidea emateko ardura har dezaten, baina jeltzaleen laguntzarik gabe.

"Espainia egituratzen duten alderdiak direla esaten dute. Espainiar patriotak direla esaten dute, bada, erakuts dezatela", gaineratu du Estebanek.

Bestalde, EAEko hauteskundeen ostean EAJk egingo duenaren inguruko "intoxikazioa" salatu du, eta argi adierazi du bozen ostean jarrera berari eutsiko diotela.

EH Bilduk ez du alternatibetan sinesten

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak baztertu egin du datozen hilabeteotan alternatibarik sortuko denik "Estatua demokratizatzeko", baina EAEko hauteskundeak "mugarri" izan daitezkeela uste du.

EH Bilduren ordezkariak berretsi du euskal herritarren eskubide sozialak bermatzeko modua "erabakitzeko tresna guztien jabe" izatea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Mariano Rajoy Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Gaurko azken orduko albistea