Politika -
Gobernu osaketa
Sanchezek alderdiekin hitz egingo du, Rajoyren alternatiba bila
Garbi utzi du ez duela bere burua alternatibaren lider gisa aurkezten. Bestalde, Felipe VI. erregeak iragarri du ez duela alderdiekin erronda berririk egingo.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak alderdi politiko guztietako (EH Bildu izan ezik) ordezkariekin hitz egingo duela iragarri du, "guztion artean Mariano Rajoyren inbestiduraren porrotari eta blokeo politikoari irtenbidea bilatzeko".
Batzorde Exekutibo Federalarekin bildu ostean emandako prentsaurrekoan baieztatu duenaren arabera, PSOEko buruzagiak garbi utzi du "ez dela bere burua alternatiba lideratzeko aurkezten ari". Izan ere, oraindik ez daki gainerako alderdiek zer pentsatzen duten. Era berean, Alderdi Sozialistak ez duela Mariano Rajoy presidente egingo berrestsi du.
Horrez gain, "PSOEk ez du huts egingo duen inbestidurarik bultzatuko", esan du Sanchezek. Halaber, hitz egitea onar dezaten eskatu die Ciudadanos eta Podemosi.
Erregeak ez du oraingoz kontsulta berririk egingo
Felipe VI erregeak, bestalde, "ez du oraingoz" Gobernu osaketari buruzko kontsulta berririk egingo alderdiekin. Hala eta guztiz ere, "hitz egiteko" eta "adosteko" deia egin die, hauteskunde gehiago saihesteko.