Politika -
Nafarroa
Foru Parlamentuak 'ahalik eta azkarren' indargabetuko du Ikurren Legea
Lege berri bat egingo dute, "herritarrek bere sentitzen dituzten ikurrak eta aniztasuna kontuan hartuta".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuak Ikurren Legea “ahalik eta azkarren” indargabetzeko eta aniztasuna errespetatuko duen arau berri bat egiteko konpromisoa hartu du.
Adierazpena Gobernuko alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) aurkeztu dute. UPN eta PP kontra agertu dira; PSNk adierazpenaren lehen puntua onartu du, baina bigarren aurka bozkatu du.
Testuaren lehendabiziko puntuan, Foru Parlamentuak bizikidetza, aniztasuna, normaltasuna, demokrazia eta herritarrek bere egiten dituzten ikurrenganako errespetua adierazi du, ikurrina barne.
Bigarren puntuan, berriz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak Ikurren Legearen gabeziak agerian utzi dituela dio, gizartearen zati handi batek beretzat jotzen duen legezko ikur bat (ikurrina) debekatu egiten duelako.
Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak esan du ez dagoela datarik zehaztuta, baina ziur agertu da udazkenerako egitasmo bat aurkezteko moduan egongo direla eta akordio batera “nahiko azkar” iritsiko direla.
Oposizioko alderdien arabera, Ikurren Legea ez dago nafarren kezken artean. Alabaina, Araizek gogora ekarri du udan honetan “egoera anormalak” bizi izan direla hainbat herritan ikurrina dela eta ez dela.