Politika -

ALDAKETAK

Maria Solana, Nafarroako Gobernuaren bozeramaile berria

Uxue Barkosek ukatu egin du Gobernua krisian dagoenik eta azaldu du iragarritako aldaketak Exekutiboa indartzea dutela helburu.

Maria Solana, Geroa Bai. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.
Maria Solana, Geroa Bai. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.
Maria Solana, Geroa Bai. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkosek adierazi du Nafarroako Gobernuaren ereduak ez duela baliorik galdu, baina, 14 hilabete eta gero, Harreman Instituzionaletarako departamentua eta Exekutiboaren bozeramaile kargua sendotzeko beharra antzeman duela azaldu du.

“Departamentu horren garrantzia eta lan-karga ez nituen behar bezala kontuan izan”, aitortu du Nafarroako presidenteak. Hortaz, Gobernuaren egiturari buruzko gogoeta egiterakoan, Exekutiboaren bozeramaile kargua sendotzea ezinbestekotzat jo du, “kanpora begira nahiz Parlamentuko eguneroko lana eraginkorragoa izateko”.

Bide horretan, Nafarroako Gobernuak Maria Solana Geroa Baiko parlamentarioa izendatu du Foru Exekutiboaren bozeramile berri, Ana Olloren lekua hartuta. Barkosen ardurapean egongo da.

Bestalde, Barkosek ukatu egin du Nafarroako Gobernua krisian dagoela eta azpimarratu du berak aukeratu zuen gobernu ereduak egun ere balio duela.

“Gure ereduak funtzionatu du; alderdi batek ere ez du nagusitasunik zuzendaritzetan, ezta Gobernu Kontseiluan ere”, nabarmendu du.

Gobernua hiru koaliziok eta asanbleario izaera duen alderdi batek babesten duten arren eta horrenbeste hauteskunde deialdirekin testuingurua “zaila” izan arren, “eredu honek ahalbidetu du alderdi bakoitzak bere bereizgarriei eustea eta, aldi berean, Gobernuak bere lana egitea”, erantsi du.

Barkosek esan du kontseilariak ez dituela aldatuko, baina Exekutiboko beste egitura batzuetan aldaketak izango direla eta gaineratu du EH Bildu Gobernuan sartzeko prest agertu izana Exekutiboak duen babesaren erakusgarri dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua