Politika -
Guardia Zibila
Atxiloketen protokoloa "beldurgarria" da, hainbat abokaturen aburuz
Ezker abertzaleko abokatuek diote txosten horretan argi ikusten dela inkomunikazio garaian irregulartasunak eta legez kanpoko jarduerak izaten direla.
Euskadi Irratia
Auzitegi Nazionalean aritzen diren hainbat euskal abokatuk, joan den apirilean Guardia Zibilak egin zuen polizia operazioa arautu zuen Guardia Zibilaren txostenaren balorazioa egin dute gaur, eta "beldurgarria" dela esan dute.
Hamar lagun atxilotu zituen orduan Guardia Zibilak, horietatik hiru abokatuak, eta Guardia Zibilaren txosten hori atxilotutako abokatuetako baten postontzian azaldu zen, eta hainbat komunikabidek aste honetan bertan argitaratu dute.
Abokatuek diote txosten horretan argi ikusten dela inkomunikazio garaian irregulartasunak eta legez kanpoko jarduerak izaten direla.
Miguel Castells, Iñigo Iruin, Jone Gorizealaia, Ainhoa Baglietto, Kepa Landa, Alvaro Reizabal, Joxemari Elosua eta Alfonso Zenon abokatuak azaldu dira prentsaren aurrera, eta euren hitzetan inoiz ez dute eskuartean horrelako txostenik izan.
Bertan argi ikusten omen da legez kanpoko galdeketa ekipoak existitzen direla.
Era berean, galdeketak, atxilotuen autoinkulpazioa edo bere aurkako karguen baieztapena lortzera bideratuta daudela erakusten omen du dokumentuak eta hori ere legez kanokotzat jo dute.
Azkenik, atxilotuaren arabera tratua aldatzea ezartzen dela salatu dute abokatuek.
Gainera, abokatuek diote txosten horretan jasotzen dena ez dela Guardia Zibil batek hartutako apunteak, operazioa arautzen duen protokoloa baizik. Hori esateko, txostena ordenadorean idatzita dagoela, eta bertan azaltzen diren eskuz eginiko apunteak gutxienez hiru pertsonarenak direla esan dute.
Txostena epailearen esku dago; izapideak sekretupean daude; eta epaileak zer erabakitzen duen ikusi ondoren aztertuko dute abokatuek txosten horren aurka beste zerbait egin ala ez.