Politika -

Bizikidetza Plana

Plana 'isilune zaratatsuak saihesteko' bidea da, Celaaren esanetan

6,8 milioi euroko aurrekontua izango du Bizikidetza Planak. EAJk eta PSEk negoziaketan egindako esfortzua aintzat hartu du Hezkuntza sailburuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plana defendatu du gaur Eusko Jaurlaritzak; izan ere, "legez kontrako indarkeriaren harira, hezkuntzan jarrera lausotuak eta isilune zaratatsuak saihesteko bidea da". Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, plan horrek 6,8 milioi euroko aurrekontua izango du datozen bi urteetan.

Celaaren hitzetan, aurreko Bakerako Hezkuntza Planak ez zuen gizartearen eta alderdi politikoen adostasuna, "isiluneak" baizik. Zentzu horretan, PSEren Gobernuak eta EAJk "ahalegin handia" egin dute akordioa bilatzeko.

Atzo Eusko Jaurlaritzak onartutako dokumentua azaldu du gaur Eusko Legebiltzarrean sailburuak. Celaarekin batera, Virginia Mugica Eusko Jaurlaritzako Presidentziako Koordinazio idazkari nagusia, Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako burua eta Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendaria izan dira.

Indarkeria deslegitimatzeko, Zuzenbide Estatua errespetatzeko eta biktimen oroimena aintzat hartzeko, gizartean aldaketak eragiteko aurreko egitasmoa birplanteatzea beharrezkoa zela adierazi du Hezkuntza sailburuak. Horregatik, batez ere hezkuntza esparruan, "jarrera lausoak edo isilune zaratatsuak" saihestea komeni dela azaldu du Celaak.

"Gaur egun oraindik helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilpena justifikatzen duten proposamenekin amaitzeko" ezinbesteko tresna izango da dokumentua, PSEko Exekutiboaren hitzetan. Aurreko plana aurrerapauso bat izan zen eta horregatik elementu asko mantendu dituzte, sailburuak onartu duenez, baina "hobe zitezkeen" zenbait esparru zuzenduko dira orain.

Testigantzak

Terrorismoaren biktimak Planaren oinarri direla azpimarratu du Celaak, "elementu estrategikoa". Eskola zentroetan, ostera, planaren oinarria ikasleak dira, biktimen testigantza "baliabide pedagogikoa izango da, ikasketa prozesuaren zerbitzura. Hezkuntza prozesua printzipio pedagogikoek zuzentzen dute", sailburuaren ahotan.

Jarrerak Planaren aurrean

Lehen zirriborroarekin alderatuta Planak "aurrerapausoak" dituela onartzen du EAJk, baina "beraien plana ez" dela argi uzten dute jeltzaleek. Era berean, planaren garapena arreta handiz jarraituko dutela ohartarazi du EAJk. Torturen biktimak egitasmoan barneratzeko aukera galtzen dela uste dute jeltzaleek.

Bestalde, PPk eta UPyDk babesa eman diote Planari. Bien bitartean, EBk "babes kritikoa" eman dio egitasmoari. Leopoldo Barreda PPko ordezkariaren esanetan, Plana birplanteatzea "ezinbestekoa" zen, aurreko dokumentuak kontzeptu "anbiguoak" zituelako. "Hobekuntzak izan dira, baina ez aldaketa sakonak. Edukian aldaketak izan baino, zuzenketak izan dira", Barredak adierazi duenez.

"Hezkuntza Plana ez" dela esan du Aralarrek. "Terrorismoaren kontrako politika ikasgeletara eraman nahi du" egitasmoak, abertzaleen ustez. Planak "bakea hurbilduko ez" duela adierazi du Aralarrek, "terrorismoen sailkapen bat egiten duelako eta ETA ez diren gainerako indarkeriak ia ezabatu egiten dituelako".

"Patxi Lopez lehendakariak euskal gizarteari barkamena eskatu beharko lioke, planak orain arte gizarteak ETA lagundu duela iradokitzen duelako", EAk komunikatu baten bidez azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea