Politika -
Memoria Historikoa
Fernandez Diaz 'persona non grata' izendatzea aztertuko du Asironek
Mola eta Sanjurjoren hobitik ateratzeko erabakiaren harian, jardunean dagoen Espainiako Barne ministroak ondokoa esan zuen: "Batzuek orain irabazi nahi dute Gerra Zibila".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaitzetsi egin ditu Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak Mola eta Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak hobitik ateratzeari buruz esandakoak, eta iragarri egin du udal taldeko kideekin batera aztertuko duela “gaitzespen adierazpen bat egitea edota Iruñean persona non grata izendatzea”.
Fernandez Diazek atzo Iruñean egindako ekitaldi batean ondokoa adierazi zuen: “Batzuek Gerra Zibila 40 urte geroago irabazi nahi dute”.
Asironen iritzian, adierazpen “oso larriak” dira. “Horrelako adierazpenak eginda agerian geratu da; areago, horrelako adierazpenekin bere izena galdu du”, erantsi du.
“XXI. mendean Iruñea bezalako hiri batera Gerra Zibilaz, irabazleez eta galtzaileez, hitz egitera etortzea erabat gaitzesgarria da; XXI. mendeko nafar gizarteak nahiago izango luke altxamendu faxistarik izan ez balitz; nafarren gehiengoa altxamendu haren aurka dago, baina badirudi batzuek oraindik altxamenduarekiko lotura moralen bat dutela”, azpimarratu du.
Amaitzeko, Asironek adierazi duenez, Iruñeak eta Nafarroak “ez dute behar inor kanpotik etortzea gauzak nola egin behar ditugun esatera, datorrena ministroa bera bada ere”. “Gure bizikidetza gure kabuz antolatzeko gaitasun osoa dugu”, gaineratu du.