Itxi

Politika

i-25

PPk gehiengo osoa lortu du berriz Galizian; En Marea, bigarren

agentziak

Feijook 41 eserleku lortu ditu (75etik 41), eta En Mareak eta PSdeGek, 14na, baina sozialistak hirugarren lekura jaitsi dira, lau ordezkari galduta.

1:33

Galiziako PP izan da indar bozkatuena beste behin ere, eta gehiengo osoa lortu du hirugarrenez jarraian, bozen % 47,53 jasota eta Galiziako Parlamentuan dauden 75 eserlekuetako 41 erdietsita.

Bestalde, En Marea koalizioak (Podemos, Anova eta Esquerda Unida batzen ditu) aurrea hartu dio PSdeG alderdiari, eta bigarren jarri da, 14 eserleku eta botoen % 19,07 lortuta.

Hala, PSdeGk atzera egin du berriz ere, lau diputatu galduta, botoen % 17,88 eta 14 eserleku eskuratu baititu.

BNGri dagokionez, bozen % 8,36 eta sei eserleku lortu ditu, eta Ciudadanos Galiziako Parlamentutik kanpo geratu da.

Aurreko hauteskunde orokorrekin alderatuta (Galiziak 23 diputatu hautatu zituen), PPk eta BNGk baino ez dute boto kopurua handitu. Hala, PPk 675.000 boto jaso ditu oraingoan, ekainean 643.827 hiritarren babesa jaso ostean. PSOEk 90.000 boto galdu ditu eta En Mareak 73.000 boto gutxiago jaso ditu.

Esanguratsua da BNGren gorakada oraingo hauteskundeetan, aurreko orokorretako emaitzekin alderatuta. Ekainean, alderdiak 44.902 boto jaso zituen (abenduan baino 26.000 gutxiago), baina hauteskunde hauetan bikoitza baino gehiago jaso du: 118.000.

Feijoo: "Espainia osoko PPren" emaitza da

Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidentea pozik agertu da, berak onartu duen bezala, egungo testuinguruan emaitza bikaina baita, gehiengo osoa lortu baitu hirugarrenez jarraian. Feijooren esanetan, Galiziak "argi eta garbi" hitz egin du.

Santiago de Compostelako hotel batean bildu dira Galiziako PPko zuzendaritzako kideak emaitzak bertatik jarraitzeko, eta Feijook eskerrak eman ditu bertatik, Galiziak "aske eta demokrazian" hitz egin duelako eta Gobernua bere esku jarri dutelako berriz.

Nuñez Feijook laudorio ugari egin ditu bere hitzaldian, eta horietako bat Mariano Rajoy PPko buruzari zuzendu dio, Galizian lortutako emaitza "Espainia osoko PPrena" baita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena