Politika -
Epaiketa
Absolbituta Segi babesteko AP-8a mozteagatik auzipetutako bost gazteak
Epaileak uste du ez dagoela "nahikoa kargu frogarik". Fiskalak 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako epaitegi batek absolbitu egin ditu 2007ko urtarrilean AP-8 autobidea mozteagatik auzipetutako bost gazteak. Segiren kontrako epaiketengatik protesta gisa moztu zuten errepidea gazteek eta fiskalak 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen. Epaileak ebazpenean adierazi duenez, ez dago "nahikoa kargu frogarik''.
2007ko urtarrilaren 13an, gazteek beren burua kateatu eta trafikoa eten zuten A-8 errepidean (Bilbo-Behobia), Bilboko noranzkoan. Epaiak jasotzen duenez, hiru emakume gazte eta bi gizon gazte ziren, eta bere burua kateatu zuten "porlanez betetako bidoietan". Horrek "trafikoa eten zuen eta auto pilaketak eragin zituen". Hala, zirkulazioa "kolapsatuta" egon zen, "kopurua eta denbora zehaztu gabe", azaldu du epaileak.
"Bertaratutako polizia agenteek auzipetuei eskatu zieten bidetik kentzea, eta kateak ere moztu zizkieten, ezkerreko erraia libre utzita. Behin pankartak albo batera utzita, akusatuak beren borondatez askatu ziren eta bidetik kendu", gaineratu du.
Hala, epaileak absolbitu egiten ditu bost gazteak. "Ez dago zalantzarik akusatuen egiletzaz, ezta taldean aritu izanaz ere. Halaber, ez dago zalantzarik ordena publikoa asaldatu nahi zutela, baina ez dago hain argi hori lortzeko bidea bake publikoaren kontra atentatzea zela'', jasotzen da testu horretan.
Epaileak ebazpenean dionez, ''ez zuten poliziaren jarduna oztopatu'', eta ''erraia libre utzi zutenean ez zuten berriz ere moztu''.