Politika -
ANDALUZIAKO EEE-N auzia
Ahozko epaiketa Chaves eta Griñanen aurka, lan espedienteen auziagatik
Epaileak bere idatzian azaltzen duenez, Griñan dirua bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik epaituko dute; Chaves, berriz, prebarikazioagatik besterik ez.
Agentziak | Erredakzioa
Alvaro Martin instrukzio epaileak Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohien aurka ahozko epaiketa abiatzeko autoa eman du. Bata zein bestea Enplegu Erregulazio Espedienteen (EEE) auziko pieza politikoan daude auzipetuta, beste 24 pertsonarekin batera. Auzi horretan, enpresei diru-laguntzak ordaintzeko erabilitako prozedura dago aztergai.
Autoan, Sevillako 6 zenbakiko instrukzio epaitegiaren errefortzuak 4.214.702 euroko fidantza eskatzen du Jose Antonio Griñanentzat.
Epaileak bere idatzian azaltzen duenez, dirua bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik epaituko dute Griñan; Chaves, berriz, prebarikazioagatik besterik ez. Lehendabizikoa, 2009 eta 2013 urteen artean izan zen Andaluziako presidente; bigarrena, 19 urtez, 1990etik 2009ra.