Politika -
Uxue Barkos
Uxue Barkos: 'Astakeria da Nafarroako hitzarmena kentzeko eskatzea'
Nafarroako Parlamentuak Foru Amejoramendua aldatzeko proposamena onartu duela eta, Barkosi 'funtsezkoa' iruditzen zaio testua lege berrietara egokitzea.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako presidenteari "astakeria" iruditzen zaio, "ezjakintasuna" edo "arduragabekeria politikoa" dela eta, Nafarroako hitzarmena eta euskal kupoa kentzeko eskatzea. Erregimen komuna duten zenbait autonomia-erkidegok zalantzan jarri dituzte, finantziazio-arloan desberdintasun ugari daudela salatuta.
"Gaiak termino horietan planteatzea ez dakit ezjakintasunaren edo arduragabekeria politikoaren ondorio den", baieztatu du Barkosek irmo Efek egindako elkarrizketan. Hainbat erkidegotan finantziaziorako foru-sistemek eragindako mesfidantzari buruz galdetu diotenean adierazi du hori.
Bere iritziz, "oso kontu zaila eta delikatua da". Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian zehaztuta dagoenez, "bertan behera" uzteari "astakeria" deritzo; edo bestela, "errealitatea ez dela ongi ezagutzen" esan nahi du.
"Zenbakiak eskuartean, erkidego askori ez litzaieke interesatuko", ohartarazi die, guztiz ezabatu edo berrikusteko aukeraren aurrean.
Halaber, Uxue Barkosen esanetan, zerbitzuak edo kontratuak ordaintzeko dirurik izan ezean, Nafarroak ez dauka "nora jo". Aukera bakarra finantziazio-arloan zorra kontratatzea da, ezin baitio Espainiako Gobernuari dirurik eskatu; erregimen komuna duten erkidegoek, ordea, beti dute aukera hori.
Nafarroako presidenteak aurreratu du Mariano Rajoyren Gobernuarekin negoziatzen hasi direla Nafarroako hitzarmen ekonomikoa berritzeko. Izan ere, 2015ean eguneratu behar zenez urgentea zen elkarrizketei ekitea; horrez gain, "Nafarroak bere burua finantzatzeko duen ardura" betetzeko eta Estatu espainiarrarekiko elkartasuna adierazteko tresna ere badela nabarmendu du.
Erreferenduma
Nafarroako Foru Parlamentuak Amejoramendua aldatzeko proposamena onartu berri duenez, beste autonomia-estatus batzuen berrikuntza aipatu du, eta "beharrezkoa" iruditzen zaio testua lege berrietara egokitzea.
Bestalde, Espainiako Estatuak eman gabe daude konpetentziak "behin eta berriz" ez dituela betetzen salatu du, trafikoa kasu.
Proposamenaren arabera, nafarrek erreferendum baten bidez bozkatu beharko lukete behin-betiko testua, Amejoramendua ez baitzen bere garaian gauzatu. Azkenik, UPN alderdiari erreferentzia eginez, ohartarazi du "inork ez dezala sinetsi" Nafarroako Gobernuak eta horren euskarri den lau alderdien akordioak "hiritarren nahia nahastu nahi dutenik".