Politika -
Diputatuen Kongresua
Fernandez Diaz Eskarien Batzordeko presidente izendatu du PPk
Kargu hori ez da boto bidez aukeratzen, zuzenean hauteskundeak irabazi dituen alderdiak izendatzen du eta, beraz, oposizioak ezin du galarazi Barne ministro ohia batzorde horretako buru izatea.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi Popularrak Jorge Fernandez Diaz Kongresuko Eskarien Batzordeko presidente izendatzea erabaki du, boto bidez aukeratzen ez den kargu bakarra delako. Batzorde horretako burua alderdi bozkatuenak (PP) izendatzen du.
PPren asmoa Fernandez Diaz Atzerri gaietarako Batzordea zuzentzen jartzea zen. Bozketa asteazken honetan egin behar zuten, baina oposizioak betoa jarri dio Barne ministro ohiari, kontuan hartuta Ganberaren gaitzespena jaso zuela eta ikerketapean dagoela, Ministerioa interes alderdikoien mesedetan erabiltzea egotzita.
Alderdi Sozialistak eta Ciudadanosek zuriz bozkatzeko asmoa iragarri zuten eta Unidos Podemosek bere hautagai propioa aurkeztuko zuela esan zuen. Alabaina, arratsalde honetan PSOEk jarrera aldatu du eta Fernandez Diaz Atzerri gaietarako Batzordeko nahiz beste edozein batzordeko presidente izatea ahalbidetuko ez duela jakinarazi du.
Gauzak horrela, Alderdi Sozialistak oposizio guztiaren babesa lor zezakeen hautagaia aurkez zezakeela ikusita, PPk bertan behera utzi du Atzerri gaietarako Batzordeko burua izendatzeko bozketa.
Era berean, gaur aukeratu behar zuten Kontu Auzitegiarekiko harremanetarako Batzorde Mistoko (Kongresua eta Senatua) presidentea. Kargu horretarako ere Fernandez Diaz proposatu du PPk, baina Alderdi Sozialistaren oniritzia ez duenez, batzorde horren eratzea ere atzeratu egin dute.
Zein da Eskarien Batzordearen eginkizuna?
Eskarien Batzordeak ez du legerik tramitatzen eta ez du agerraldirik egiten, herritarrek Administrazioari zuzendutako idatziak bideratzeaz arduratzen da. Alegia, idatzi bakoitza dagokion departamentuari igorri behar dio eta aldian-aldian idatzi horien banaketari buruzko txostenak aurkeztu behar ditu.
Batzorde txiki bat da, talde parlamentario bakoitzak ordezkari bana dauka bertan eta, bozketarik egin beharko balitz, bataz besteko botoa erabiltzen da (batzordeko kide bakoitzak bere taldearen botoak ordezkatzen ditu).
Batzorde txikia denez, presidentea ez da boto bidez aukeratzen, zuzenean alderdi nagusiak (PP) erabakitzen du, bigarren taldeak (PSOE) presidenteordetza eskuratzen du eta hirugarrenak (Unidos Podemos) idazkaritza.
Pilar Rojo izan da Eskarien Batzordeko presidentea, baina orain kargua utzi beharko du, Jorge Fernandez Diazen mesedetan.