Politika -
Heriotza
Maria Jesus Agirre hil da, Gasteizen Cuerdaren alkateorde izandakoa
1983tik 1987ra Arabako Foru Aldundiko Ongizate diputatua izan zen. Gasteizen Gizarte Zerbitzuen sustatzaile, eta Gorka Urtaran egungo alkatearen ama zen Agirre.
Eitb.eus
Maria Jesus Agirre Gasteizko Udaleko alkateorde ohia eta Arabako Foru Aldundiko Ongizate diputatua izandakoa hil da larunbat honetan, 71 urte zituela. Gaixotasun baten ondorioz zendu da, EAJko iturriek baieztatu dutenez.
Jose Angel Cuerda Gasteizko alkatearekin, Arabako hiriburuak izandako lehen alkateordea izan zen Agirre (orain arte, bakarra), eta hiriburuko Gizarte Zerbitzuen sustatzailetzat dute. Gorka Urtaran egungo alkatearen ama zen Agirre.
Maria Jesus Agirre Gasteizen jaio zen, 1945ean. Batxilergoa Arabako hiriburuan ikasi ostean, gizarte-laguntzaile ikasketak egin zituen Bilbon.
1974an ekin zion politika munduari, Gasteizko zinegotzi gisa. Jose Angel Cuerda hiriko alkate ohiaren gertuko postuetan aritu zen, eta alkateordea ere izan zen Cuerdarekin. Ibilbide horretan, Gizarte Zerbitzuen sustatzaile izan zen, eta hiria erreferente egin zuen gai horretan.
1983tik 7987ra Arabako Foru Aldundiko Ongizate diputatua izan zen, eta 1996an Diputatuen Kongresura egin zuen salto.
1999an Gasteizko alkate izateko hautagai aurkeztu zen, baina Alfonso Alonso (PP) gailendu zitzaion.
Kargu publikoetan 38 urte egin ostean, 2011n utzi zuen politika.