Politika -

Omenaldia

Brouarden eta Muguruzaren senideak: 'Biktima guztiak entzun ditzatela'

Salatu dutenez, kontakizunari buruzko 'ofentsiba' bat ematen ari da, 'bertsio ofiziala eta kontakizun bakarra' inposatzeko asmoz.

Santi Brouard eta Josu Muguruza omendu dituzte. Argazkia: EiTB
Santi Brouard eta Josu Muguruza omendu dituzte. Argazkia: EiTB
Santi Brouard eta Josu Muguruza omendu dituzte. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

HBko buru zirela GAL erakundeak erail zituen Santi Brouardi eta Josu Muguruzari lore-eskaintzak egin dizkiete igande honetan gertakari horiek 32. eta 27. urteurrena bete den egunean. Omenaldiak Bilboko Amezola plazan eta Errekaldeko plazan izan dira, eta bertan egon dira EH Bildu osatzen duten koalizioko hainbat ordezkari, besteak beste, Iker Casanova, Jone Goirizelaia eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak. Bertan izan dira ere Iñigo Cabacasen gurasoak.

Amezolan egindako ekitaldian, Ane Muguruza Josu Muguruzaren alabak hartu du hitza, eta familia bien izenean goraipatu egin du batak zein besteak izan zuten "karisma" eta "urteetako gatazkari konponbide justua eta demokratikoa emateko egindako ekarpena". Horrez gain, Brouard eta Muguruzaren senitartekoek "haien erailketen inguruan egia eskatzen jarraituko" dutela azpimarratu du.

Adierazi duenez, justizia eta erantzukizunak eskatzen jarraituko dizkiete gertatutakoaren "ideologo, sustatzaile politiko eta euren isiltasunarekin konplize izan zirenei". "Egia ezagutzen dugun eskubidea guztientzat izan dadila", gaineratu du.

"Kontakizunaren gaineko ofentsiba"

Bestalde, azken hilabeteetan "kontakizunaren gaineko ofentsiba" ematen ari dela salatu du; izan ere, "inposatzeaz gain, gertatukoari buruz dugun ikuspuntua eman ez dezagun saiatzen ari dira, "bertsio ofiziala eta kontakizun bakarra inposa daitezen".

"Espainiako Estatua ez dago immobilismoan sartuta, konponbide demokratikoari dagokionez. Bere makineria jarri du martxan, giza-eskubideetan eta justizian oinarritutako bake egoera bat lortze aldera euskal gizarteak jarrita dituen esperantza eta desioen aurka jotzeko", salatu du.

Bere mintzaldian, ETAko presoei ezartzen zaien "sakabanaketa politika" ere kritikatu du, eta "euskal gizartearen giza emaria" aprobetxatzearen alde azaldu da. Horrez gain, eskari bat egin die erakundeei: "Herritarren ordezkariei, erakundeei, eskatzen diegu biktimei entzuteko, guztiei, bai gatazkaren ondorioak jasan ditugunoi, bai jasaten jarraitzen dutenei", zehaztu du.

Azkenik, "giza eskubideak betetzeko konpromisoa ardatz izanik, egia bilatzeko prozesu osoa" martxan jartzearen aldeko iritzia agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Terrorismoaren Biktimak GAL