Politika -
Rita Barbera hil da
Minutu bateko isilunea egin dute Kongresuan, Barberaren heriotzagatik
Unidos Podemoseko diputatuak eta Talde Mistoko batzuk Parlamentutik atera dira, eta, ondorioz, ez dute minutu bateko isilunean parte hartu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak minutu bateko isilunea gorde du Rita Barbera Valentziako alkate ohi eta senatariaren heriotza dela-eta. Unidos Podemoseko diputatuak eta Talde Mistoko diputatu batzuk Parlamentutik atera dira une horretan, eta, ondorioz, ez dute minutu bateko isilunean parte hartu.
Kongresuan Gobernuaren kontrol saioa hasi aurretik, Ana Pastor Kongresuko presidenteak doluminak eman dizkie Barberaren senide eta lagunei, eta, gero, minutu bateko isilunea egitea eskatu du.
Senatuan ere minutu bateko isilunean egin dute senataria gogoratzeko. Ekitaldi horretan bai izan dira Podemoseko kideak.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente eta Alderdi Popularreko presidente ere badena penatuta agertu da Rita Barberaren heriotzagatik, eta gertatutakoa oso gogorra dela esan du. Diputatuen Kongresuko korridoreetan egindako adierazpenetan, hunkituta mintzatu da eta doluminak bidali dizkie senideei eta, oro har, PPko kide guztiei.
PSOEko batzorde kudeatzaileak "zoritxarreko albistea" dela esan du, eta doluminak eman dizkie haren senide eta lagunei.
Valentziako Udalak ere atsekabea adierazi du alkate ohiaren heriotzagatik, eta hiru dolu egun ezarri ditu. Gainera, bertan behera utzi ditu gaurko aurreikusita zeuden ekitaldi publiko guztiak.
Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentea ere nahigabetuta agertu da, eta Rita Barbera bultzada politiko handiko pertsona zela eta PPren barruan erreferentzia bat izan zela nabarmendu du.
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak doluminak eman dizkie Rita Barberaren senide eta lagunei Eusko Legebiltzarreko saioa hasi aurretik kazetariei egindako adierazpenetan.