Politika -
Negoziaketa politikoak
Ortuzar: 'Autogobernu berriak erabakitzeko eskubidea jaso behar du'
Aldi berean, Andoni Ortuzarrek adierazi du Mariano Rajoyrekin dituen elkarrizketen muina urtarriletik aurrera garatuko dela.
Agentziak | Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak gaur azaldu duenaren arabera, euskal "autogobernu berriaren" oinarrietako bat erabakitzeko eskubidearen aitortza izan behar du.
Ortuzarrek Pobesen (Araba) egin ditu adierazpen horiek, bere alderdiaren barne-ekitaldi batean parte hartzera joan baita bertara.
Kazetarien galderei erantzunez, azken Euskobarametroaren emaitzak izan ditu hizpide. Bertako emaitzen arabera, % 54tik % 47ra murriztu da autogobernuaren balizko erreforma batean Euskadi nazio gisa aitortua izan dadila nahi dutenen babesa, duela 11 urteko emaitzekin alderatuta. Dena dela, euskal gizartearen % 59k galdeketa bat egin dadila nahi du.
Ortuzarren iritziz, Euskobarometroaren ondorioek eta balorazioek frogatu egiten dute Eusko Jaurlaritzak oso ondo identifikatu dituela zein diren "herritarren eskaerak eta ardurak", eta bere jarduera programak horiei erantzuten diela.
Autogobernuari dagokionez, EAJko presidenteak nabarmendu duenez, "euskal gizartearen gehiengo zabal batek bere etorkizunaren jabe izan nahi du, eta bere eskuetan izan nahi du etorkizun hori erabakitzeko eskubidearen ahalmena, dena delako erabakia hartzeko gerora".
"Hori ere bat dator EAJk Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko batzordean jorratzea nahi duen beste gai batekin", gogoratu du.
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin aurrekontuen gainean adostasun batera heltzeko xedearekin dituen elkarrizketei buruz ere mintzatu da Ortuzar, eta horren harira hauxe esan du: "Ustezko giro politiko berriaren eta elkarrizketaren gakoa da hitz egin ahal izatea, eta baita aurrez aurre dagoenak beste jarrera batzuk zein atxikipen nazionalista desberdinak defenda ditzakeela ere".
Euskal nazioaren aldeko bere jarrera azaldu ostean, EAJko buruak adierazi du berak ez duela beste "inongo naziorik" ukatzen. Bere esanetan, "etortzekoa den garai politiko berri honetan ezin izango da ezer ukatu, baizik eta desberdintasuna onartu eta hitz egin". "Hitz eginez gero, guztia dago idazteke", azpimarratu du.
Ez du datarik jarri elkarrizketei amaiera emateko, "epeak Rajoyren Gobernuak ezartzen baititu"; hala ere, elkarrizketen muina urtarriletik aurrera garatuko dela uste du.
Gainera, iruditzen zaio PPk PSOErekin dituen elkarrizketak azkeneraino eraman nahi dituela, eta horren aurrean errespetua agertu du, Gobernuko presidenteak "eskuak aske izan behar baititu adostasunak nahi dituenarekin lortzeko".