Politika -
EAJ-PSE AKORDIOA
Mendia: 'Nazio bat aitortzea ez da estatu independente bat aitortzea'
EAJ-PSE akordioak, besteak beste, 'Espainia anitz baten barruan elkarrekin bizitzen jarraitzeko' balioko duela esan du Mendiak, bakoitzaren 'berezitasunak errespetatuz'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ eta PSE-EEk izenpetutako gobernu akordioa defendatu du, gaur, Idoia Mendia EAEko sozialisten buruak. Madrilen eskaini duen hitzaldi batean, Mendiak nabarmendu du herri bat nazio gisa aitortzea edo estatu independente gisa aitortzea ez direla gauza bera. "Kultura bat, hizkuntza bat edo identitate sentipenak badirela aitortzeak ez dakar berekin subiranotasuna onartzea", zehaztu du.
Mendiak ziurtatu duenez, EAJrekin gobernua osatzeko akordiorako aukerak bazirela ikusi orduko, Javier Fernandez PSOEren gestorako buruarekin jarri ziren harremanetan, jakinaren gainean egon zedin. PSE-EEk Estatu espainiarreko sozialisten proiektu bera partekatzen duela nabarmendu du, eta ezin dela euskal sozialisten proiektua PSOEtik kanpo ulertu gaineratu du. Jeltzaleekin izenpetutako itunak Espainiarekin hitz egiteko beste bide bat zabaltzen du, buruzagi sozialistaren hitzetan.
Batez ere, hitz egiteko, elkar ulertzeko eta arazoei aurre egiteko modu berri bat jasotzen duela EAJ-PSE-EE akordioak adierazi du. "Eguneroko arazoak eta lurraldetasunari dagozkionak", esan du.