Politika -

Epaiketa Gasteizen

8.640 euroko isuna, Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik

Epaileak desobedientzia delitu larria egotzi die zortzi auzipetuei eta bakoitzak 1.080 euro ordaindu beharko ditu.

Zortzi gazte auzipetuei babesa helarazteko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE
Zortzi gazte auzipetuei babesa helarazteko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE
Zortzi gazte auzipetuei babesa helarazteko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaitegi batek zigortu egin ditu Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik auzipetutako zortzi gazteak.

Gasteizko Harresia plataformak jakinarazi duenez, epaileak desobedientzia delitu larria leporatu die eta guztira 8.640 euroko isuna ordaindu beharko dute, bakoitzak 1.080 eurona.

Epaiketa joan den asteartean egin zuten, baina auzipetuak ezin ziren bertaratu, epaitzeko ezer ez zegoela argudiatuta eta desobedientzia ekintzak zilegi direla azpimarratuta. Saioa egin zen bitartean, elkarretaratzea egin zuten auzitegiaren kanpoaldean eta han izan auzipetuak ere.

Gertakariak 2015eko maiatzaren 18an jazo ziren. 250 lagundik gora Andra Mari Zuriaren plazan bildu diren, Auzitegi Nazionalak aginduta Ertzaintzak atxilotu behar zituen hiru gazte independentista babesteko.

Fiskaltzak urtebete eta bederatzi hilabete arteko espetxe-zigorra eskatu zuen, agenteei aurre egitea leporatuta. Alabaina, subsidiarioki desobedientzia delitua egoztea galdegin zuen.

Dirua biltzeko kanpaina

Gasteizko Harresiak gogora ekarri du epaileak zigor ekonomikoaren aldeko hautua egin duen arren, zortzi auzipetuak hiru hilabetez kartzelan sartzeko arriskuan egongo direla, isuna ordaindu ezean.

Horrenbestez, plataformak dirua biltzeko kanpaina bat jarri du abian, epaiketak eragindako gastuei eta isunei aurre egin ahal izateko. Ekimen horrekin bat egiteko eskatu die herritarrei.

Joan den urrian beste bi gazte zigortu zituzten Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik. Defentsa eta Fiskaltza akordio batera heldu ziren, kartzela-zigorra saihesteko, eta bi auzipetuei 3.680 euroko isuna ezarri zieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gasteiz albisteak Eguneko albisteak