Politika -

Alderdien Legea

Batasuna hauteskundeetan ez egoteko ituna sinatu dute PPk eta PSOEk

Aurrerantzean, posible izango da legezko alderdi baten zerrendak baliogabetzea, ezker abertzaleko kideek "kutsatzen" badituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legez kanpo den ezker abertzalea datorren urteko hauteskundeetan ez egoteko helburuarekin hitzarmen berezia sinatu dute gaur PSOEk eta PPk. Alderdien Legean eta Hauteskunde Legean egingo dituzten aldaketak jakinarazi dituzte.

Aurrerantzean, posible izango da legezko alderdi baten zerrendak baliogabetzea, ezker abertzaleko kideek "kutsatzen" badituzte. Horrez gain, zerrendak errekurritzeko epea zabaldu egingo dute.

EAk eta legez kanpo den ezker abertzaleak sinatutako akordiorik ondoren dator lege aldaketa.

Sozialisten eta popularren arteko akordio horrek hauteskunde-legediaren zenbait agindu ukitzen ditu, batez ere, 44. artikulua; izan ere, zerrendak aurkezteko debekua alderdi politikoei, federazioei eta koalizioei zabaltzen da.

Hori horrela, legez kanpoko alderdien lanarekin jarraitzen duten pertsonak ezin izango dira zerrendetan aurkeztu.

Ildo horretan, legez kontrako indar horiek legezko alderdi baten oinarri finantziarioetara edo administrazio oinarrietara hedatuko balira, alderdi hori ilegalizatua izango litzateke.

Bermudez de Castro PPko diputatuaren hitzetan, debeku hori gertatuz gero, hauteskunde-legediaren erreformak alderdi horiek ilegalizatzeko berme nahikoa izango du.

Era berean, zerrendak bertan behera uzteko aukera hauteskunde kanpainara arte zabaldu da, hauteskunde eguna baino aste bat lehenagora arte, hain zuzen ere.

Hauteskundeen ostean alderdiak ilegalizatzeko aukera ere agertzen da legedi berrian.

"Demokrazia ez da ergela"

Demokrazia "ergela" ez dela esan dio Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Batasunari. Hortaz, "atzeko atetik" euskal erakundeetan sartzeko saiakerak moztu egingo dituela gaineratu du Rubalcabak.

Hala ere, Eusko Alkartasunaren ibilbide "gardena eta demokratikoa" goraipatu du Barne ministroak, "80. hamarkadatik terrorismoa arbuiatu egin duen alderdia delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea