Politika -

Katalunia

Romevak dio ez diotela uko egin aldebakarreko erreferendumari

CUPek uste du bi edo hiru hilabetetan itxitzat jo behar dutela adostutako erreferendumaren bidea. Atzo Puigdemontek adierazi zuen helburu nagusia dela Espainiako Gobernuarekin akordioa lortzea.

Erreferendumaren alde atxikimenduak lortzeko kanpaina, abian

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raül Romeva Kataluniako Generalitateko Kanpo Gaietarako kontseilariak larunbat honetan esan du Kataluniako Gobernuak ez diola uko egin Espainiako Gobernuaren babesik gabe erreferenduma egiteari, adostutako erreferendumaren bideak porrot egingo balu. RAC 1 irrati katean egin dituen adierazpenetan, Romevak ukatu egin du atzoko 'Pacte Nacional pel Referèndum' (erreferendumaren aldeko itun nazionala) egitasmoak aldez aurretik ezarritako ibilbide-orria hoztea dakarrenik.

Hain zuzen ere, ostiral honetan Kataluniako independentziaren inguruko erreferenduma izan zuten hizpide Kataluniako Parlamentuan eta Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionala delakoa eratzea proposatu zuen goi-bilera horretan. Gainera, galdeketa hori Espainiako Gobernuarekin adosteko prest daudenak bilatzeko kanpaina berria martxan jarriko duela iragarri zuen.

Puigdemontek goi-bilera horren ostean egindako agerraldian azaldu zuenez, proiektuak “zeharkakotasun eta aniztasun handia” erakutsi du eta erreferendumaren aldeko itun nazionalaren helburu nagusia Espainiako Gobernuarekin akordioa lortzea eta galdeketa egitea dela adierazi zuen. Gauzak horrela, Espainian eta Europan galdeketaren alde dauden alderdi, erakunde eta eragileak bilatzeko kanpainaren berri eman zuen.

Goi-bilera horren ostean, eta Romevak gaur esandakoaren harira, Jordi Turull de Junts pel Sí (JxSí) koalizioak Parlamentuan duen taldeko buruak Estatuarekin adostutako erreferenduma aldarrikatzeko deia egin du, baina akordioaren bideak porrot egingo balu aldebakarreko erreferenduma modu antolatzeko mekanismoak bideratzeari utzi gabe. "Egia da orain adostutako erreferendumean jarri behar ditugula indarrak. Aldi berean, Kataluniako Parlamentua eta Gobernua lanean ari dira erreferenduma egiteko operatiboa eta logistika bideratzeko, Estatuaren babesarekin edo gabe", azaldu du.

Anna Gabriel, CUP alderdiko bozeramaileak, bestalde, larunbat honetan esan du Rajoyren Gobernuak erreferenduma negoziatzeari ezetz esaten badio, "bi edo hiru hilabeteren buruan" itxitzat eman behar dutela adostasunaren bidea eta aldebakarreko erreferenduma antolatu. Gabrielek azpimarratu du babesak bilatzeko konpromisoa ezin dela aitzakia izan erreferendumaren data luzatzeko.

Gabriel Rufian ERCko diputatua ziur dago erreferenduma 2017an egingo dela, prozesua jada "ezin delako bulego batean geldiarazi".

Carlos Carrizosa Ciudadanos (C's) alderdiko ordezkariak, berriz, independentziaren aldeko alderdien kontra jo du, eta "2012ko ziri bera" saldu nahi izatea egotzi die, beren kudeaketaren "porrota ezkutatzeko distrakzio maniobra gisa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès albisteak