Politika -
PROTESTA
Sakabanaketa politika salatu dute Zaballako espetxearen atarian
Sortuk deituta, ehun bat lagunek hartu dute parte Zaballako kartzelara egindako martxan. Presoen sakabanaketa politika salatu dute eta presoei elkartasuna adierazi diete espetxearen atarian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal presoen sakabanaketa politika salatzeko protesta ekitaldia egin dute goizean Zaballako espetxearen atarian, Sortu alderdiak deituta; ehun bat lagun oinez joan dira kartzelara, eta bertan, elkarretaratzea egin dute.
Peio Otxandiano Sortuko Batzorde Nazionaleko kideak adierazi duenez, sakabanaketaren bidez, presoak bakarrik ez, haien senideak ere zigortzen dituzte.
Espainiaren eta Frantziaren espetxe politika "mendekuan" oinarrituta dagoela eta ez datorrela bat egungo testuinguru politikoarekin salatu du Sortuk. "Herri honek ziklo politiko bat itxi behar du, eta berria abiatu", esan Otxandianok.
Abenduaren 31n Basauriko eta Martuteneko espetxeetara eramango du protesta Sortuk, eta urtarrilaren 14an Bilbon, Sarek deituta, egingo den manifestazioan egongo dela iragarri du.