Politika -
Hauteskunde Legearen erreforma
Aldaketarako aukerak "ez zapuzteko" eskatu dio EAk Estatuari
Santi Merinok esan du ezker abertzalearekin sinatu duten akordioa "hauteskundeetatik harago" doala eta zerrenda propioak prestatzen ari direla. "Eszenatoki berri baten atarian gaude", berretsi du.
Erredakzioa
Eusko Alkartasunaren iritzian, ezker abertzalea hauteskundeetan ez egoteko Estatuak aurrera eramango duen Hauteskunde Legearen erreforma "Alderdien Legea oraindik gehiago zorroztea da". "Estatuak ez du aldaketarako aukera zapuztu behar", adierazi du Santi Merino Eusko Alkartasuna exekutiba nazionaleko kideak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Merinok "harridura" agertu du, EAk eta ezker abertzaleak sinatu duten akordioaren aurrean "jende asko urduri jarri delako". Hala ere, Merinok nabarmendu nahi izan du bi aldeek ez dutela datozen hauteskundeetaz hitz egin.
"Hauteskundeen gaia ez da jorratu. Harrituta gaude hainbeste urduritasun antzematearekin eta ez dakit ze aukera ahalik eta azkarren ixteko nahiarekin, gu alderdi politiko bezala nahasita", azaldu du. "Hitzarmenak hauteskundeetatik harago doa; hitzarmen taktiko-estrategikoa da, bide baketsu, politiko eta demokratikoetan eta giza-eskubideen defentsan oinarrituta dagoena", azpimarratu du.
Rubalcabari erantzuna
Batasuneko kideak bere zerrendetan hartuz gero, EAk arazoak izango dituela esanez Alfredo Perez Rubalcabak egindako adierazpenak ere izan ditu hizpide. Merinok gogoratu du EAk denbora daramala bere zerrenda propioak prestatzen. Alabaina, nabarmendu du Alderdien Legea bertan behera geratzea eta ezker abertzaleak bere marka propioa izatea nahi dutela.
ETA eta Bruselako Adierazpena
Azkenik, Merinok beharrezkotzat jo du ETAk "ahalik eta azkarren" erantzun bat ematea Bruselako Adierazpenari, baina ez EA eta ezker abertzalearen arteko akordioari; izan ere, "bi alderdi politiko horien arteko hitzarmena da eta ETAk ez du zerikusirik dokumentuan".
"Hori bai, ezinbestekoa da ETA euskal politikagintzatik behin-betiko desagertzea, egoera argitu dadin eta Euskal Herrian aldaketarako dauden aukerak zapuztu ez daitezen", adierazi du.
Gauzak horrela, Merinok berretsi du "eszenatoki berri baten atarian" gaudela pentsatzen duela EAk. Ildo horretan, "aldaketarako aukerak ez zapuzteko" eskatu die ETAri nahiz Estatuari.