Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ares: 'ETArekin amaitzeko ibilbidearen azken zatian gaude'
Hala ere, Herrizaingo sailburuak nabarmendu du ez gaudela "ETAren osteko garaian" eta, beraz, "terrorismoaren kontrako borroka" aldatu behar ez dela adierazi du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren iritziz, "terrorismoarekin amaitzeko ibilbidean azken zatia egiten ari gara". Alabaina, "ETA oraindik existitzen" dela ekarri du gogora eta, ondorioz, "ETAren osteko garaiaz" orain ezin daitekeela hitz egin azpimarratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aresek azken hilabeteotako mezua berretsi du: "ETAk armak behin betiko utzi behar ditu eta ezker abertzale erradikalak ETA uztea lortu behar du edo ETArengadik argi eta garbi banandu, politika egin ahal izateko; baina oraindik ez da horrelako ezer gertatu", azaldu du.
Gauzak horrela, "guztiok argiak eta zorrotzak izan behar gara eta ez dugu akatsik egin behar, bestela ETAk eta abertzale erradikalek har ditzaketen erabakiak atzeratu egin litezke, indarkeria uztea eta soilik bide politikoak erabiltzea, hain zuzen ere".
Bide horretan kokatu du Hauteskude Legea zorrozteko Kongresuak eman duen lehen urratsa. "Indarkeria babestu eta instituzioetan egoteko ihesbideak bilatzea ekidin nahi da neurri horren bitartez".
Helburu hori alderdi politiko guztiek konpartitu behar luketela uste du Aresek eta harridura agertu du EAJ kontra agertu delako. "Badirudi interesa duela mundu horretatik botoak eskuratzeko; batzuek ETA existituko ez balitz bezala egin nahi dute politika, ETAren osteko prozesu batean egongo bagina moduan, baina ETA hor dago eta jarduera terrorista mantentzeko jarrera erakutsi du", nabarmendu du.